Azpeitiko pentsiodunek zapatuko Donostiako mobilizaziora deitu dituzte herritarrak

Uztarria.eus 2019ko aza. 13a, 11:16

Datorren zapatu arratsalderako pentsio duinen aldeko mobilizazioa antolatu du Gipuzkoako Adinekoen eta Pentsiodunen Elkarteen Plataformak Donostiako Alde Ederren. Azpeitiko plataformak bat egin du deialdiarekin, eta bertan parte hartzera deitu ditu herritarrak.

Azaroaren 16an, zapatuan, Gipuzkoako Adinekoen eta Pentsiodunen Elkarteen Plataformak pentsio duinen aldeko mobilizazioa antolatu du. Donostiako Alderdi Ederren izango da, 17:00etan hasita. "KPIaren balioa handitzea" eta "gutxieneko pentsioa 1.080 euro" izatea eskatuko dute, eta mobilizazo horretan parte hartzera deitu ditu herritarrak Azpeitiko Adinekoen eta Pentsiodunen plataformak. Taldeak adierazi du ez duela autobus berezirik antolatuko, baina Lurraldebusen Azkoitia-Donostia lineako autobusa hartzeko aukera dagoela; zapatuan 15:00etan eta 16:00etan daude autobusak Azpeititik Donostiara. Alderdi Ederren pankarta batekin egongo dira azpeitiarrak, eta plataformak hara joatera deitu ditu herritarrak: "Era horretan, azpeitiar guztiok batera parte hartuko dugu mobilizazioan".