Matxin III.ak eta Ionek Binakako Erremonte Txapelketaren 49. edizioan parte hartuko dute

Uztarria.eus | Kirolak
2019ko aza. 13a, 12:00

Bi azpeitiarrek parte hartuko dute 49. Binakako Erremonte Txapelketan: Xuban Oiarzabal Matxin III.ak eta Ion Etxeberriak. Bihar, osteguna, hasiko da txapelketa, eta abenduaren 28an amaitu. Berrikuntzaz beteta dator aurtengo txapelketa, besteak beste, binaka lortutako puntuek eta banaka eskuratutakoek, guztiek izango dutelako balioa lehen fasea gainditzeko.

Bi azpeitiarrak goiko lerroan, ezkerrean.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Aldaketak izango dira bihar, osteguna, hasiko den Binakako Erremonte Txapelketaren 49. edizioan. Abenduaren 28ra bitartean jokatuko dute txapelketa, eta lehian bi azpeitiar arituko dira: Xuban Oiarzabal Matxin III.a eta Ion Etxeberria. Matxin III.ak Endikarekin osatuko du bikotea, eta Etxeberriak Ansa II.arekin. Bost bikote ariko dira txapelketan, iaz baino bat gutxiago: Uterga-Azpiroz —iazko txapeldunak—, Urriza-Larrañaga, Matxin III.a-Endika, Ansa II.a-Ion eta Juanenea-Barrenetxea IV.a. Aurtengo berrikuntzen artean azpimarratzekoa da puntuazio sistema. Orain arte egin bezala, partida bakoitzeko bikote irabazleak lau puntu jasoko ditu, eta galtzaileak egindako tantoen arabera eskuratuko ditu puntuak.

Aurten, ordea, pilotarien banakako lana ere hartuko dute kontuan. Neurketetan tanto gehien egiten dituzten aurrelariek eta atzelariek beste launa puntu jasoko dituzte, eta beste bi pilotariek, bina. Kirolariek txapelketako hamar partidetan banaka eta binaka lortutako puntuak batu egingo dituzte, eta gehien dituzten hiru aurrelariak eta atzelariak sailkatuko dira finalerdietako ligaxkara —iaz ez zen ligaxkarik izan—. Ligaxka abenduaren 12an, 14an eta 21ean jokatuko dute, eta bikoteak sailkapenaren arabera osatuko dituzte. Galarretan jokatuko dituzte partida guztiak.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu