Iñaki Bastida: "Horrelako sariekin ohartzen zara egindako lanak merezi izan duela"

Urola Kostako Hitza | Gizartea
2019ko aza. 13a, 11:18

Espainiako Kimika Elkartearen saria jaso du, molekula organiko jakin bat prestatzeko estrategia berri bat garatuta. Dibulgazioaren garrantziaz ohartarazi du azpeitiarrak. Harekin hitz egin du Urola Kostako Hitzak.

Iñaki Bastida argazkiaren erdian.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Iñaki Bastida (Azpeitia, 1991) kimikariak RESQ Epainiako Kimikako Errege Akademiaren eta Elsevier zientzia eta osasun alorreko informazioan espezializatutako enpresaren sari bat jaso berri du, Valentzian (Herrialde Katalanak) egindako Kimika Ikerlari Gazteen XVI. Sinposioan. Biozientzien Biogune zentroko ikerlariak hirugarren saria eskuratu du, Piridina aminen sintesi estereoselektiboa, datu base bidez lagundua ikerketa proiektuari esker.

Gustura al zaude jaso duzun sariarekin?

Bai, oso gustura. Poz handia sortzen du egindako lanak bere fruituak ematen dituela ikusteak.

Espero al zenuen saria irabazterik?

Egia esan, ez. Kimika arloan lanean ari diren Espainiako ikerlari gazteek zuten ikerlanak sariketara aurkezteko aukera. Horregatik, parte hartu duten lagun guztien artetik hirugarren saria eskuratzea sorpresa ederra izan da niretzat.

Zertan datza egin duzun Piridina aminen sintesi estereoselektiboa, datu base bidez lagundua ikerlanak?

Biologikoki interesgarria izan daitekeen molekula organiko mota jakin bat prestatzeko estrategia berri bat garatu dugu. Zientzialariok datu baseetatik eta aldizkari zientifikoetatik lortzen dugu ikerketarako informazio nagusia, eta sariketara aurkeztutako lanean guk laborategian egindako aurkikuntzak deskribatu eta horiek gauzatzeko datu baseak nola erabili ditugun azaldu dut.

Zer helbururekin egin duzu ikerketa?

Orain arte ez zegoen mota horretako konposatuak prestatzeko ia prozedurarik deskribatuta, eta zeuden gutxi horiek ez ziren oso eraginkorrak. Guk garatu dugun estrategiaren bidez, molekula organiko horiek askoz ere modu eraginkorragoan presta daitezke. Adibidez, farmazia industriak konposatu horiek prestatzeko behar duen denbora, kostu ekonomikoa eta hondakinak murriztu ditzake.

Halako sariak garrantzitsuak al dira ikerlari gazte batentzat?

Bai, oso garrantzitsuak dira. Alde batetik, egindako lanaren aitortza da sari hau, eta asko eskertzen dira horrelakoak. Izan ere, ikerketek lan eta buruhauste asko ematen dituzte, eta horrelako aitortzei esker ohartzen zara egindako lanak merezi izan duela. Bestetik, sari honek aukera eman dit Valentzian egin den Kimika Ikerlari Gazteen Kongresuan nire lana aurkezteko. Kimikaren arloan aritzen garen ikerlariok elkarren lanak ezagutzeko aukera izan dugu, baita besteengandik ikasteko ere.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu