'Mikrouhinak' saioa

Maite Aizpuruaren 'Umm...mmu' antzezlanaren estreinaldia izango da bihar Dinamoan

Uztarria.eus 2019ko aza. 13a, 11:16
Maite Aizpurua.

Dinamoa sormen gunean estreinatuko du Sorkuntza Bekari esker ondu duen obra zumaiarrak, 20:00etan hasita, eta emanaldiaren ostean, mokadua eta solasaldia izango dira. Asteburuan beste hainbat antzezlan ikusi ahal izango dira: Pabellon 6 taldearen Zer gertatu ote zitzaion Ana Garciari? lana ostiralean eta Tartean Teatroaren Simplicissimus Kabaret obra zapatuan. Igandean, gaztetxoei zuzendutako Mari eta gaileta fabrika obra ikusi ahal izango da Soreasu antzokian.

XXXVII. Euskal Antzerki Topaketen hirugarren asteburua iristear da, eta astero legez, bihar, osteguna, ere Sortzaile Berrien Zikloaz gozatu ahal izango da Dinamoa sormen gunean. Hain zuzen ere, Maite Aizpurua zumaiarrak Umm...mmu lana aurkeztuko du 20:00etan hasita; antzezlana bukatzean, mokadua eta solasaldia izango dira. Aizpuruaren lanaren estreinaldia izango da biharkoa; izan ere, hark Azpeitiko Kultur Mahaiak eta Azpeitiko Udalak banatzen dituzten Sorkuntza Beketako bat jaso du aurten.

Aizpuruak Matxalen de Pedro izan du bidelagun artistikoa. Honako hau da Umm...mmu obraren sinopsia: "Nola egin saltaka norbere gorputzetik? Korrika ibiltzea, abiaduraren azelerazioari, pausu markatuei, men egitea da runningaren kulturan. Saltaka egiteko, ordea, gelditzera gonbidatzen gaituen pieza eszenikoa da honako hau. Sententzia medikoak, zalantzak, minak, ibilera okerrak, desirak eta simulakroak gurutzatzen diren garaleku konkretua arakatzeko parada. Erresistentzia intimoak zeharkatzea, makinaren dardara konpartitzea. Azkarrago harrapatzen ei zaio gezurtiari herrenari baino. Ibilian-ibilian, baina, egia entrenatzen den gezur bat besterik ez da".

Datozen egunetan beste hainbat antzezlan ere ikusi ahal izango dira Soreasu antzokian. Etzi, adibidez, Pabellon 6 gazte konpainiaren Zer gertatu ote zitzaion Ana Garciari? helduei zuzendutako obra ikusi ahal izango da 21:30etik aurrera. Borja Ruizek zuzendu du lana, eta Ainhoa Artetxe, Nagore Cenizo, Graciela Doniz, Itxaso Gil, Jontxu Martinez, Aritz Mendiola, Leire Ormazabal, Pelayo Serrano eta Aitor Vildosola dira aktoreak. Honako hau da obraren sinopsia: "Antzezle talde batek Ana Garcia ezagutzen du. Ana bilbotarra da, eta udak Castelloko herri batean –Vinaroz– ematen zituen. Haietako batzuek Ana ezagutzen zuten; beste batzuek Vinaro, eta beste batzuek, Ana eta Vinaroz. Ana herrian hil zen, eta antzezleek zer gertatu ote zitzaion jakin nahi dute".

Zapatuan, berriz, aurrestreinaldi batek hartuko du Soreasu. Simplicissimus Kabaret obra ikusi ahal izango da 21:30ean hasita, Tartean Teatroaren eskutik. Patxo Telleriak zuzendutako lana da, eta Olatz Ganboa, Ylenia Baglietto eta Getari Etxegarai dira agertokian ikusi ahal izango diren antzezleak. Honako hau da obraren sinopsia: "Simplicisimus XVII. mendeko Alemaniako nobela pikareskoaren izenburua da, zeinak hogeita hamar urtetako gerraren izugarrikeriak kontatzen dituen umore klabean. Gerrateko Cabaret baten izena ere izan zen. Lan honen muina gerrarteko hiru alemaniar komikoren bizitza ikaragarri eta ederrak dira: Fritz Gunbaum, Kurt Gerron eta Werner Fink".

Igandean 7 eta 14 urteko gaztetxoei zuzendutako Mari eta gaileta fabrika antzezlana izango da Soreasu antzokian, 17:00etan hasita. Olatz Gorrotxategi da Eidabe taldearen antzezlanaren zuzendaria, eta testua Galder Perezena da. Aktoreak, aldiz, Ainhoa Artetxe, Nagore Gonzalez eta Itxaso Paia dira. Honako hau da obraren sinopsia: "Lukak labean egindako gailetak prestatu nahi dizkio amari, beere etxean egun batzuk geratuko dela aprobetxatuta. Gozoki gozo horiekin etxetik kanpo erosoago sentitzen lagunduko diola uste du. Baina gaileten oroitzapenek hain gozoa ez den iraganera eramango dute amama, irenstea kostatuko zaion gogorapenera. Hamaika zaporetako gaileta kutxa irekitzen dugunean badakigu barruan gure gogoak topatuko ditugula, baita jan nahi ez ditugunak ere".

Sarrerak, salgai

Antzezlanetarako sarrerak Internet bidez eros daitezke, azpeitia.eus webgunean. Gainera, obren egunetan leihatilan eskuratu ahal izango dira sarrerak, bost euroren trukean. 12 urtera arteko haurrek, berriz, hiru euro ordaindu beharko dute.

Asteburuko egitaraua

Bihar, osteguna. Umm...mmu obra (estreinaldia), Maite Aizpuruaren eskutik, 20:00etan, Dinamoan. Ondoren, mokadua eta solasaldia. (Sortzaile Berrien Zikloa).

Etzi, ostirala. Zer gertatu ote zitzaion Ana Garciari obra, Pabellon 6 gazte konpainiaren eskutik, 21:30ean, Soreasun. (Helduentzat).

Larunbata, azaroak 16. Simplicissimus Kabaret obraren aurreestreinaldia, Tartean Teatroaren eskutik, 21:30ean, Soreasun. (Helduentzat).

Igandea, azaroak 17. Mari eta gaileta fabrika obra, Eidaberen eskutik, 17:00etan, Soreasun. (Gaztetxoentzat eta helduentzat).