Umeentzako doako kimika tailerrak antolatu dituzte datorren asterako

Uztarria.eus | Hezkuntza
2019ko aza. 13a, 09:03

Bi saio egingo dituzte: LH 3 eta 4koentzakoa hilaren 22an, 17:30etik 19:30era, eta LH 5 eta 6koentzakoa hilaren 23an, 16:30etik 18:30era. Basazabalen emango dituzte tailerrak eta parte hartzeko derrigorrezkoa da aurrez izena ematea. Haurrei eta gaztetxoei "zientziarekiko jakin-mina piztea" da tailerron helburua, udalak azaldu duenez.

Umeei zuzendutako doako kimika tailerrak antolatu ditu Azpeitiko Udalak datorren asterako, Basazabal jauregian. "Saio horien bidez, gazteei zientzia ikusgarri egitea eta zientziarekiko jakin-mina piztea izango da helburua. Horretarako, ginkana saio bat egingo dute parte hartzaileek. Taldeka, lau esperimentu gauzatuko dituzte, eta saioan umeek esperimentu batetik bestera joateko aukera izango dute", azaldu du udalak. Esperimentuak egiteaz gain, horiek ulertzeko prozedura erabiliko dute tailerrean.

Bina orduko bi saiotan banatuko dute tailerra, adinaren araberako taldeak sortuta. Horrela, hilaren 22an, ostirala, izango da LH 3 eta 4koentzako saioa, 17:30etik 19:30era; eta hilaren 23an, zapatua, LH 5 eta 6koentzako saioa, 16:30etik 18:30era.

Plaza mugatuak eta izen-ematea

Zientzia tailerra doakoa bada ere, parte hartu nahi dutenek derrigorrezkoa dute aurrez izena ematea. Izan ere, saio bakoitzean gehienez 20 edota 25 lagunentzako tokia egongo da.

Izena emateko, berriz, formazioabasazabal@azpeitia.eus e-posta helbidera idatzi edo 688 845 118 telefono zenbakira deitu behar da.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu