Bertsolariekin urteroko zita ospatu dute San Martin egoitzan

Uztarria.eus 2019ko aza. 11a, 18:54

Gaur, zaindariaren egunarekin, hasi dira ospatzen beren astea San Martin egoitzan. Goizeko pregoi irakurketaren eta kantu saioaren ondoren, arratsaldean bertsolariekin izan dute egoiliarrek San Martin Astearen barruko bigarren hitzordua. Urteroko zitari hutsik egin gabe, bertsotan aritu dira Juan Joxe Eizmendi Loidisaletxe eta Beñat Lizaso egoitzako areto nagusian bostetatik aurrera; San Martin Astearen egitarauaren barrukoa ez ezik, Adin-Adin programaren barruko saioa ere izan da gaurkoa Azpeitiko adinekoen egoitzan.

Inazio Olazabalek adarra joaz egin die harrera bi bertsolariei, aretoan zeudenen txalo artean. Ondoren, Ander Urbietak gidatuta, hiru kopla kantatu dituzte egoiliarrek, haien senideek, langileek eta boluntarioek, eta hortik aurrera etorri da Loidisaletxeren eta Lizasoren txanda. San Martingo egoiliarrek urtero egiten dieten harrera beroa eskertu dute bertsotan, besteak beste, arratsaldeko gonbidatu nagusiek.