Elkanoren mundu biraz hitzaldia emango du bihar Axier Lopezek

Uztarria.eus 2019ko aza. 12a, 11:50

Urolakoen Napar Zuzterrak taldekoek antolatu dute eta Basazabalen izango da solasaldia, 19:00etan. Argiako kazetaria da Lopez, eta Getariako itsasgizonak egindakoaren 500. urteurreneko ospakizunekin kritiko agertu den Elkanori Bira ekimeneko kidea.

Juan Sebastian Elkano itsasgizon getariarrak munduari bira eman zioneko 500. urteurrena ospatzeko askotariko ekitaldiak prestatu dituzte. Joan zen udan hasi ziren ospakizunek datozen urteetan jarraipena izango dute.

Ospakizun horiekin bat egiten ez dutenak eta Elkanok eta haren kideek duela 500 urte egindakoaz ikuspegi kritikoa dutenak ere badira, ordea. Horren erakusle da Elkanori Bira izeneko ekimena. "Historiak isilarazitakoak ezagutarazteko" bultzatu zuten egitasmo hori hainbat elkartek eta norbanakok. Elkanoren Biraren bultzatzaileetako bat da, hain zuzen ere, Axier Lopez Argiako kazetaria, eta hitzaldia emango du gaiaren gainean bihar, Azpeitian.

Urolakoen Napar Zuzterrak taldeak antolatu du Lopezen hitzaldia, Elkanoren mundu bira. Zer dugu ospatzeko? Zer dute ezkutatzeko? izenburuarekin. Basazabal jauregian izango da, 19:00etan.