Euskara indartzea xede, Errigoraren saskiak Euskal Herrian zehar zabaltzeko prest

Uztarria.eus 2019ko aza. 11a, 17:23

Errigorak deituta, ia 200 euskaltzale elkartu ziren zapatuan Ablitasen (Nafarroa) kontserbak, oliba olioa eta bestelako produktuak biltzeko eta datozen asteetan banatzekoak diren sei bat mila saski prestatzeko. Ohi bezala, Errigoraren udazkeneko kanpainarekin lortzen duten diruaren laurdena Nafarroako hegoaldean euskara bultzatzeko egitasmoetara bideratiko dute. Uztarria Komunikazio Taldeak Errigoraren hiru saski zozkatuko ditu bazkideen artean.

Aurten, Errigoraren udazkeneko kanpaina indartu nahi izan dute sustatzaileek, eta horregatik, aldaketak egin dituzte eskaintzan. Modu horretan, saskiak erosi nahi dituzten lagunek hiru kutxa ezberdinen artean aukeratu ahalko dute: saski beltza (ohikoa), berdea (ekologikoa) eta zuria (berezia). Beste berrikuntza bat ere ekarri du Errigoraren zazpigarren kanpainak. Saskiekin lortutako diruaren zati bat Agerraldia ekimenera bideratuko dute. "Nafarroa erdi eta hegoaldeko euskaltzaleak saretzeko sortu dugu Agerraldia, eta euskara sustatzeko estrategiak bertatik bertara erabakitzeko. Erronka da euskararen ezagutza erraztea, erabilera sustatzea eta euskararen aldeko jarrerak bultzatzea, eta euskararen presentzia handitzea ildo desberdinetan: Kulturan, aisian, kirolean, alor sozio-ekonomikoan eta instituzionalean", azaldu dute sustatzaileek. Azpimarratu dute lortzeko "helburu handiak" dituztela, baina pixkanaka lortuko dutela pentsatzen dute. "Eskaintza berrituz saskien eskaeretatik lortzen den diru kopurua handitzeko apustua egin dugu. Arnasa handia da Nafarroa erdi eta hegoaldeko ikastolentzako, AEK euskaltegientzako eta D ereduko ikastetxeentzako", azaldu dute.

Hiru saski, bazkideen artean zozkatzeko

Uztarria Komunikazio Taldeak bat egin du egitasmoarekin, eta Erriberako produktuez osatutako hiru saskietatik bana zozkatuko du bazkideen artean. Hau da, Errigoraren saski beltz bat, saski berde bat eta saski zuri bat zozkatuko ditu Uztarriak. Zozketan parte hartu nahi dutenek, mezu bat bidali beharko dute uztarriazozketak@gmail.com helbidera, bazkidearen izen-abizenak eta harremanetarako telefono zenbakia zehaztuta. Azaroaren 20an itxiko da zozketan parte hartzeko epea.

Ohi bezala, Errigoraren udazkeneko kanpainarekin lortzen duten diruaren laurdena Nafarroako hegoaldean euskara bultzatzeko egitasmoetara bideratiko dute. Azpeitian, Elkar-ekin eta Elikagunea arduratu dira kanpaina herriratzeaz.