Hautesle erroldaren %55,14k eman du botoa Azpeitian 18:00etarako

Uztarria.eus 2019ko aza. 10a, 19:57

Joan den apirilaren 28ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetako ordu bereko emaitzekin alderatuta, ia bost puntu eta erdi jaitsi da parte-hartzea herriko hauteslekuetan.

Ordubete pasatxo gelditzen da Espainiako Kongresua eta Senatua osatzeko hauteskundeetako mahaiak ixteko –20:00ak arte izango da bozkatzeko aukera–, eta eguneko bigarren parte-hartze datua, 18:00etakoa, eman du Espainiako Barne Ministerioak.

Azpeitian, hautesle erroldaren %55,14k eman du botoa 18:00etarako; 6.193 herritarrek, hain zuzen ere. Horrek esan nahi du parte-hartzeak behera egin duela, joan den apirilaren 28ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeekin alderatuta. Orduan, botoa emateko aukera zutenen %60,58k emana zuen botoa arratsaldeko seiretarako; horrenbestez, ia bost puntu eta erdi jaitsi da 18:00etako parte-hartze datua, apirileko hitzorduarekin alderatuta. 2016ko hauteskundeetan (%33,54) baino dezentez altuagoa ari da izaten parte-hartzea, hala ere.

Gaurko hauteskundeetan 11.231 azpeitiarrek dute botoa emateko aukera, udaberriko deialdian baino gutxiago –11.508 laguneko hautesle errolda izan zen orduan–.

Uztarria.eus-ek, aurreko hauteskundeetan egin izan duen bezala, hauteskundeen jarraipen berezia egingo du egun osoan zehar, eta Azpeitian izan diren emaitzen berri emango du iluntzean.