Gorka Malo gorren artean txapelduna izan da Behobia-Donostian

Uztarria.eus 2019ko aza. 11a, 10:20

Atzo, igandea, jokatu zuten hain ezaguna den Behobia-Donostia 20 kilometroko lasterketa. Giro makurra izan zuten parte hartzaileek, euria, txingorra eta hotza. Chakin Lachgar (1:00:57) eta Gema Barrachina (1:11:32) izan ziren probako txapeldunak. Desgaitasunen bat duten kirolarien sailkapenak ere osatu zituzten antolatzaileek, eta pertsona gorren artean, Gorka Malo azpeitiarra izan zen txapelduna. 01:12:54 denboran egin zuen proba hark, eta sailkapen orokorreko 221. postuan bukatu zuen lasterketa.

Guztira, 27.084 korrikalari irten ziren abiapuntutik, eta horietatik 25.479 lasterkarik zeharkatu zuten helmuga; azpeitiarrak ere izan ziren tartean. Aurten 89 azpeitiarrek bukatu dute lasterketa, eta horien artean Xabat Manzisidor izan da aurrena, 1:06:27 denborarekin. Lehen emakumea, berriz, Ane Alberdi izan da (1:21:34). Krux Guridik 25. aldiz jarraian egin du Behobia-Donostia lasterketa, eta aipamena jaso zuen horregatik. Guridik 02:08:59 denboran amaitu zuen lasterketa. 

Hemen Azpeitikoen sailkapena (izena ematean herriaren tokian 'Azpeitia' jarritakoak dira). 

Iaz 76 azpeitiarrek bukatu zuten proba.