Hautesle erroldaren %40,84k eman du botoa 14:00etarako Azpeitian

Uztarria.eus 2019ko aza. 10a, 16:19

Parte-hartzea ia lau puntu jaitsi da joan den apirilaren 28an Espainiako Gorteak aukeratzeko egin ziren aurreko hauteskundeekin alderatuta, baina 2016koekin alderatuta, zazpi puntu baino altuagoa da.

Espainiako Gorteetarako hauteskundeak dira gaur, eta Espainiako Gobernuak eman ditu eguneko lehen parte-hartze datuak, 14:00ak artekoak. Azpeitian hautesle erroldaren %40,84k eman du botoa goizeko 09:00etatik –ordu horretan ireki dituzte hauteslekuak– 14:00ak arte; hau da, 4.578 lagunek.

Zazpi hilabete baino gutxiago joan dira Espainiako Kongresua eta Senatua osatzeko aurreko hauteskundeak egin zirenetik. Joan den apirilaren 28ko bozekin alderatuta, jaitsi egin da 14:00ak arteko parte-hartzea Azpeitian. Orduan, botoa emateko eskubidea zutenen %44,33k eman zuen botoa ordubietarako, 4.973 lagunek; horrenbestez, ia lau puntu egin du behera ordu horretara arteko parte-hartzeak gaur. 2016koekin alderatuta, aldiz, zazpi puntutik gora hazi da parte-hartzea: orduan, Azpeitiko hautesle erroldaren %33,54k eman zuen botoa 14:00etarako.

Gaurko hauteskundeetan 11.231 azpeitiarrek dute botoa emateko aukera, udaberriko deialdian baino gutxiago –11.508 laguneko errolda izan zen orduan–. 09:00etan mahaiak ireki dituztenetik, azpeitiarrak normaltasunez ari dira botoa ematen dagokien hauteslekuetan. Goizean jendearen joan-etorria antzeman da botoa emateko tokiak jarrita dauden lekuetan. 20:00ak arte izango dute herritarrek botoa emateko aukera, orduan itxiko baitituzte hautetsontziak.

Uztarria.eus-ek, aurreko hauteskundeetan egin izan duen bezala, hauteskundeen jarraipen berezia egingo du egun osoan zehar, eta Azpeitian izan diren emaitzen berri emango du iluntzean.