Esklabak-Iturtzuloko bigarren faseko etxeen inguruko informazio bulegoa irekiko du udalak

Uztarria.eus 2019ko aza. 9a, 12:00

Babes ofizialeko 39 etxebizitza eta udal sustapeneko 28 eraikiko dituzte Esklabak-Iturtzuloko bigarren fasean. Herritarrek izan ditzaketen kezkak argitzeko, informazio bulegoa irekiko du udalak datorren astean Foru pasealekuko erakusketa aretoan. Etxebizitzetarako izena emateko epea abenduaren 2ra bitartean dago zabalik.

Esklabak-Iturtzulo eremuan babestutako etxebizitzak eraikitzeko bigarren fasea martxan jarrita du udalak, eta etxe horietan izena emateko epea ere zabalik dago, abenduaren 2ra bitartean. Datorren astean, azaroaren 11tik 15era bitartean, udalak informazio bulegoa zabalduko du Foruen pasealekuko erakusketa aretoan. Bulego horretan, Azpeitia Berritzeneko teknikariak egongo dira, bigarren faseko etxebizitza horien inguruan herritarrek izan ditzaketen kezkak eta galderak argitzeko. 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara zabalduko dute informazio bulego hori.

Informazio bulegoa irekita, herritarrei "informazioa eskura" jartzea da udalaren asmoa. "Teknikariak Esklabak-Iturtzuloko bigarren faseko etxebizitzen inguruko argibideak eman eta herritarren kasu partikularrak aztertzeko eta erantzunak emateko egongo dira informazio bulego horretan", adierazi du Josu Labaka zinegotziak. Gaineratu du, azken asteotan herritarren kontsulta ugari jaso dituztela Azpeitia Berritzenen, eta bulegoa zabalduta bidea erraztu nahi izan dutela.

Esklabak-Iturtzuloko bigarren fasean 67 etxebizitza eraikiko dituzte; horietatik 39 babes ofizialekoak izango dira, eta 28 udal sustapenekoak. Urriaren hasieran ireki zuten etxe horietarako izen-ematea eta abenduaren 2ra arte egongo da zabalik. Zozketa udaberrian egitea dute aurreikusita.