Literaturaren ertzak jorratu dituzte lau idazle azpeitiarrek

Uztarria.eus 2019ko aza. 8a, 13:33

Lau idazle, eta gai bat: literatura. Pako Aristi, Alaitz Olaizola, Jose Luis Otamendi eta Joxean Agirre parez pare. Laurak Azpeitian jaioak, idazle izatearen eta idaztearen ertzak jorratzen aritu ziren atzo –osteguna– Sanagustin kulturgunean izan zen solasaldian, beste azpeitiar batek gidatuta: Xabier Euzkitzek. Idazteko hari muturrak non aurkitzen dituzten, bakardadean idazten ote duten edo gizartearekin harremana beharrezkoa duten, poesiak zer harrera duen, poesia idazteko zer modu dauden, idazle izatea noiz uzten ote den... Askotariko gaiak izan zituzten hizpide, maiz umore kutsua hartu zuen saioan. Dozenaka lagun bildu zen bertan.

Munoandi elkarteak uda osterako prestatutako hitzaldi zikloko bigarren hitzordua izan zen atzokoa. Munoandiko kideek azpimarratu dutenez, herritarrei ikuspegi lokala nahiz kanpokoa helarazi nahi dizkiete hitzaldiekin: "Herritarrak hausnarketa egitera gonbidatu nahi ditugu, haien interesa pizteko helburuarekin antolatutako zikloarekin". Ideia horrekin bat eginez prestatu zuten atzoko saioa: belaunaldi desberdinetako sortzaileak elkartu zituzten, horiek literaturaren bilakaera nola bizi izan duten azaltzeko.

Erlo Telebistak grabatu zuen atzoko solasaldia, eta astelehenean Uztarria.eus-en ikusi ahal izango da saioa osorik.