Emakumeen kontrako indarkeriarekin bukatzeko eskatuz plazaratu dira, beste behin

Uztarria.eus | Gizartea
2019ko aza. 7a, 20:04

Basanderiek asanblada feministak deituta dozenaka lagun elkartu dira 19:00etan herriko plazan, emakumeen kontrako indarkeriarekin bukatzeko eskatzeko. Elkarretaratzea Baionako hilketa eta Senperen jazotako sexu erasoa salatzeko egin dute. Emakumeon* aurkako indarkeriarekin amaitu lelo hartuta egin dute gaurko mobilizazioa.

Baionan gizon bat atxilotu eta espetxeratu dute, bere emaztea hil duelakoan. Larunbatean deitu zion hark Poliziari, emaztea etxean hilda aurkitu zuela eta. Gaur eraman dute 52 urteko gizona epailearen aurrera. Senperen (Lapurdi), berriz, beste gizon bat atxilotu du Frantziako Poliziak, 19 urteko neska bati sexu erasoa egiteagatik. Atxilotutako gizonak 47 urte ditu, eta atxilotu ostean, neskari eraso egin ziola aitortu du. 

Azpeitiko Udalak ere bat egin du gaur egin duten elkarretaratzearekin, eta "gogor" salatu du Euskal Herrian izandako azken hilketa matxista. Udalak adierazi du, indarkeria matxista "arazo benetan larria" dela gizartean, eta erakundeak giza eskubideen urraketarik ez duela onartzen berretsi du, "ez Azpeitian, ez beste inon". Urraketen aurrean modu aktiboan jokatzea "herritarren ardura" ere badela gogorarazi du erakundeak. Beraz, erasoren batez jabetuz gero Udaltzaingora, Ertzaintzara edo larrialdi zerbitzuetara deitzea herritarren "ezinbesteko" betebeharra dela azpimarratu du.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu