Espainiako Gorteetarako hauteskundeen emaitzen berri emango du Uztarriak igandean

Uztarria.eus 2019ko aza. 8a, 19:43
Joan zen apirileko Espainiako Hauteskundeetako boto-kontaketako irudi bat.

Hauteskundeak direnero egiten duen moduan, Uztarria.eus-ek igandean bertan emango du Espainiako Gorteetarako hauteskundeen emaitzen berri webgune honetan.

Espainiako Gorteetarako hauteskundeak izango dira igandean, azaroaren 10ean, eta Uztarria.eus-ek Kongresurako nahiz Senaturako bozen Azpeitiko emaitzen berri emango du igandean bertan webgune honetan. Ohiko moduan, zenbaketaren ostean ikusi ahal izango dira emaitzak Uztarria.eus-en.

Aurten bigarren aldiz egingo dituzte Espainiako Gorteetarako hauteskundeak; izan ere, apirilaren 28an egin ziren hauteskundeen ondoren ez dute Espainiako Gobernua osatzerik lortu alderdiek. Orduko hartan parte-hartze handia izan zen hauteskundeetan: hain zuzen ere, azpeitiarren %72,82 joan ziren botoa ematera.

Kongresurako bozetan, EAJ izan zen nagusi Azpeitian, botoen %41,65 jasota (3.378 boz). Bigarren alderdi bozkatuena, berriz, EH Bildu izan zen EAJk baino 124 boto gutxiagorekin; koalizioak botoen %40,12 jaso zituen (3.254 boz). Hirugarren indarra Elkarrekin Podemos izan zen botoen %7,69 bilduta (624 boto), eta PSE-EE izan zen laugarrena, botoen %6,28 jasota (509 boto). Horien atzetik, izan ziren PPk (%1,91), Ciudadanos (%0,83) eta Vox (%0,42).

Senaturako ere EAJko hautagaiak izan ziren boto gehien jaso zituztenak. Herritarren %72,48k eman dute boza, eta Maria Isabel Vaquero (3.376 boto) jeltzalea, Maria Mercedes Garmendia (3.348 boto) jeltzalea, Luke Uribe-Etxeberria (3.330 boto) jeltzalea, Gorka Elejabarrieta (3.218 boto) EH Bilduko kidea, Olaia Duarte (3.196 boto) EH Bilduko kidea eta Aitor Ibero (3.163 boto) EH Bilduko kidea izan ziren boto gehien eskuratu zituzten senaturako hautagaiak. Horien atzetik, PSE-EEk eta Podemosek bildu zituen boz gehien.