Xanti Agirrezabala: "Besteen gorputzei begiratzen diegu, baina gurearekin ahazten gara"

Urola Kostako Hitza 2019ko aza. 7a, 12:28
Xanti Agirrezabala. (Maialen Etxaniz)

Xanti Agirrezabalak (Azpeitia, 1997) gaur estreinatuko du Satiro antzezlana etxean. "Gizarte hipersexualizatu honetan", gorputzak ematen dituen mezuez hausnartu du. Emanaldirako sarrera guztiak agortuta daude.

Zein dira Satiro antzezlanaren hastapenak?

Dantzerti dantza eta interpretazio eskolan nenbilela, balleteko puntetan ibitzen ikasteko tailerra jarri zuten martxan, dantzariei bideratuta. Ni ez nintzen dantzaria, baina baletteko puntetan ibiltzen ikasteko grina piztu zitzaidan. Sekula ez dut dantza klasikorik egin, eta zorakeria bat zen, nire gorputza ez baitzegoen horretarako prestatuta. Oso burugogorra naizenez, tailerrean izena eman nuen. Nire gorputza ez zegoen horretarako prest, eta, ondorioz, belaunak eta bizkarra okertzen nituen puntak janztean. Ispilura begiratzean nirea ez den gorputz arraro bat ikusten nuen; fauno baten itxura neukan. Gustatu zitzaidan ikusitakoa, eta eskolako hainbat ariketatan faunoarena egin nuen. Emaitza gustatu zitzaidan.

Nola iritsi da faunoa satiro izatera? Nola eboluzionatu du pertsonaiak?

Gradu amaierako lana satiroaren inguruan egiten hasi nintzen, eta horrek eskatzen duen inbestigazio lanari eutsi nionean konturatu nintzen satiroak zer sinbologia duen gizarte honetan. Zerbait banekien; banekien mitologia grekoerromatarreko pertsonaia bat dela satiroa eta banekien plazera irudikatzen duela. Ez nekiena zen sexu gose ase ezin bat duen gizakiaren irudikapena ere badela, eta gaur egun sexu adikzioa duen gizonari satiroa deitzen diotela. Horrek begiak ireki zizkidan, eta lanean hasi nintzen.

Zergatik aukeratu duzu sexua obra gorpuzteko gai gisa?

Satiroak irudikatzen duenaz gehiago jakin nahi nuenean, gure sexu gosea zer den, gure fantasiak, desirak, praktikak zein diren aztertzen hasi nintzen, ingurua behatzen. Izan ere, gaur egungo gizarte hipersexualizatu honetan, ez naiz inoiz identifikatuta sentitu ingurukoekin eta maskulinitatea ulertzeko duten moduarekin. Gogoeta asko egin dut maskulinitateaz, sexualizazioaz… eta eraiki dudan mezua publikoari iristea nahi dudan bezala, mezu hori niretzat izatea ere nahi dut.

Analisi hori egiterakoan, zaila izan al da sexuaz hitz egitea ingurukoekin?

Noski. Ez gaude ohituta modu horretan sexuaz hitz egitera. Sexuaz hitz egiteko joera izan ohi dugu ia denok, izan kuadrillan, lagunartean… baina oso azaletik beti; sakoneko kontuetara jo gabe. Publikoki ia pertsona guztiek gizartearen mareari jarratzen diete eta denek antzeko gauzak dituzte atsegin. Baina sekula ez dugu gure barneko grinez nahiz fantasiez hitz egiten. Horregatik zenbaitekin zaila izan da gaiaz naturaltasunez hitz egitea.

Elkarrizketa osoa Urola Kostako Hitzaren webgunean irakur daiteke.