Hezkuntzari lotutako 'Aprende y disfruta' liburua aurkeztu du Gorka Fernandezek, Basazabalen

Uztarria.eus | Gizartea
2019ko aza. 6a, 20:02

Gorka Fernandez psikologo eta aholkulari barakaldarrak Aprende y disfruta liburua aurkeztu du gaur, asteazkena, Basazabalen. Mila Altuna bidelagun azpeitiarraren bidelaria da Sevillan bizi den barakaldarra Mintzanet egitasmoan, eta hori izan da Azpeitian liburua aurkezteko hari muturra. Aurretik, San Martin egoitzako egoiliarrekin ere egon da Fernandez, bere lana erakusteko. "Mila egoitzan bizi da, eta hango kideen aurrean liburuaren aurkezpen txiki bat egin dut", azaldu du Fernandezek. Basazabalgo solasaldia, berriz, Marian Mangas San Martin egoitzako kideak aurkeztu du, eta hogei lagun inguru bildu dira.

"XXI. mendeko hezkuntzari buruzko ikuspegia" jaso du Fernandezek bere lanean. Podcasterra da, eta irratirako berak hezkuntzaren inguruan egindako 40 podcast elkarrizketa bildu ditu liburuan. "Beste hainbeste ere baditut grabatuta, baina interesgarrienak iruditu zaizkidanak hautatu ditut", azaldu du. Fernandezen ustez, ikastera eta disfrutatzera joan behar dute haurrek eskolara, "eskolan gozatzen ez badute ez dutelako ikasiko". Hala, liburuan jasotako elkarrizketetatik abiatuta egin dute lan horren aurkezpen saioa.

Aprende y disfruta liburua finantzaketa kolektiboarekin argitaratu duela nabarmendu du Fernandezek: "Dirua jarri duten 152 pertsonak egin dute posible nik lan hau kaleratzea. Bildutako dirua liburua argitaratzeko erabili da. Salmentetatik jasotako diruaren erdia argitaletxearentzako da, eta beste erdia egilearentzako. Niri egile bezala dagokidan zati hori bi elkarteren artean banatu dut: bata, Autismo Sevilla da, eta bestea, Bizkaiko Ulertuz haur gorren gurasoen elkartea".

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu