Jon Alberdi: "Final gogorra izango da, Peña II.ak txapelketako partida denak irabazi baititu"

Uztarria.eus 2019ko aza. 8a, 12:30
Jon Alberdi pilotaria Frontoi Txikian.

Ez du marka makala egin Jon Alberdi (Azpeitia, 1999) pilotariak profesionaletan debuta egin eta hilabete gutxira. Izan ere, bihar, zapatua, promozio mailako Lau eta Erdiko Txapelketaren finala jokatuko du Iruñeko Labrit pilotalekuan, Peña II.aren kontra. Lehiarako "gogoz" dago azpeitiarra.

Profesionaletan debuta egin eta urtebetera Lau eta Erdikoaren finalera iritsi zara. Gustura egongo zara, ezta?

Bai, bai. Ez nuen espero; beno uste dut inork ez zuela espero ni aurten finalera iristea. Txapelketa ez nuen oso ondo hasi, lehen jardunaldia galdu egin nuen, baina handik aurrerako partidetan nahiko maila ona eman dut, eta horri esker eskuratu dut finalerako txartela. Oso gustura nago.

Txapelketa hasi zenean urrun ikusten zenuen, beraz, finala?

Banekien finalera iristea oso zaila izango zela. Izan ere, aurreneko txapelketa izan da niretzat, sekula Lau eta Erdiko txapelketa bat jokatu gabe nengoen... Baina dena ondo atera zait, eta finalean izango naiz.

Nola sentitu zara txapelketan?

Lehen partidara banekien oso justu iristen nintzela; eskuetatik justu nengoen eta dezenteko beldurra neukan. Justu finalean aurkari izango dudan Peña II.aren kontra jokatu nuen partida Bartzelonan, eta oso neurketa txarra izan zen nire aldetik. Gero, Azpeitiko partida iritsi zen. Eskua guztiz errekuperatu gabe eta zalantza askorekin, baina jokatzea erabaki nuen, eta ondo atera zitzaidan. Aste hartan bertan asko hobetu zitzaidan eskua, eta txapelketan jokatu ditudan azken bi partidak maila oso onekoak izan direla uste dut. Finala ere ea hala izaten den.

Txapelketan galdu duzun partida bakarreko aurkaria izango duzu bihar aurrez aurre Labriten. Lehia estua izango al da?

Final gogorra izango da, Peña II.ak txapelketako partida denak irabazi baititu. Partidarik ez du galdu, eta hori zerbaitegatik izaten da beti. Abiadura handia ari da erakusten jokoan Peña II.a; pilota oso azkar darabilki. Dena den, uste dut Bartzelonako neurketan baino maila hobea eman dezakedala; ea aurkaria estutzen dudan.

Baiko enpresako kideak zarete bi finalistok. Zer harreman duzue?

Urte guztian batera entrenatu dugu, eta tratu handia daukat berarekin. Biok konfiantzarekin iritsi gara finalera: Peña II.a partida denak irabazita, eta ni txapelketan jokatu dudan partidarik onena, azkena, finalerdietakoa, izan zen sentipenarekin.

30 bat azpeitiarrek eman dute finala ikustera joateko autobuserako izena. Herritarren babesik ez zaizu faltako...

Herrian saltsa ikusten dut; kuadrillakoak, lagun ugari... Gainera, finalerako sarrera asko saldu dira. Uste dut inoren faltarik ez dudala sumatuko kantxan.

Herenegun egin zenuten pilota hautaketa. Gustura al zaude aukeratutako materialarekin?

Pilota desberdinak aukeratu genituen. Hark pilota biziak hautatu ditu: frontisetik gehiago ateratzen direnak, lurrean bote gehiago dutenak... Nik, berriz, frontisean irteera luzeagoa dutenak eta lurrean bote gutxiago egiten dutenak, baina azpitik gehiago tiratzen dutenak. Peña II.a indarrez ni baino gehiago da, pilotari abiadura gehiago ematen dio, eta nik hark baino bizkorrago izaten saiatu beharko dut.

Zer moduz doa profesionaletako ibilbidea?

Ondo. Enpresako pilotarien artean nik jokatu ditut aurten orain arteko partida gehienak, eta uste dut hori seinale ona dela. Urte osoan eskuek errespetatu egin naute, ondo mantendu naiz, lesiorik ez dut izan, eta hori nire alde daukat. Hainbeste partida jokatzeak esperientzia ematen du, partida bakoitzak zerbait irakasten dizu, eta urtea oso positibotzat hartuko dut.

Nola entrenatzen duzu?

Enpresarekin lau saio egiten ditugu astean: bi pilotan, eta bi fisikoa lantzeko. Goizetan ikasten ari naiz, eta arratsaldeetan Bilbora joan behar izaten dut entrenatzera.

Aurrera begira, zer helburu jarri diozu zeure buruari?

Lau eta Erdikoa bukatzean bigarren mailako Binakako Txapelketa etorriko da. Txapelketa luzea izaten da, eta maila ona ematea gustatuko litzaidake. Lehia luzea izaten da, hamalau jardunaldikoa, eta txapelketa hori da urteko politenetakoa. Izan ere, bikote batekin aritzen zara, konfiantza sortzen da bikotearen artean eta hamalau jardunalditan harekin aritzen zara lehian beste denen kontra.