Zerbait gertatzen ari da

Agus Perez ('Berria'-n) | Kultura
2019ko aza. 6a, 08:15

Agus Perezek Erika Olaizolak joan zen ostegunean estreinatu zuen Panpina lanari buruzko kritika idatzi du Berria egunkarian. Honako hau da Perezek idatzitako testua:

'Panpina' antzezlaneko irudi bat. (Leire Arenas)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Zerbait gertatzen ari da euskarazko antzerkian. Azpeitiko 37. Euskal Antzerki Topaketak hasi ziren ostegunean , eta ez zegoen sarrera librerik Erika Olaizolaren Panpina ikusteko. Egia da gero agertokian bertan kokatu zituztela ikusleak, baina, hala ere, antzerkiaren arloko profesional asko etorri ziren Olaizolak zer esan behar zuen ikustera; ikusle arruntak ere gogoz zetozen, eta oso giro polita sortu zen ilara jendetsuan patxadaz geundenon artean.

Zerbait gertatzen ari da euskarazko antzerkigintzan, eta Erika Olaizola da horren zantzurik argiena, munduratu duen performance edo antzezlanaren atzean —nondik begiratzen diogun indar sortzaile berri eta ez hain berri asko egon direlako; elkarlanean, modu horizontalean eraikiz, arteari benetako zentzua emanez, inguratzen gaituen errealitatean errotuta, eta gure nor nor ote den galdetuz. Nork eraiki ote gaituen gu izan ez bagara, zerk eraiki ote gaituen, eta ea eraikuntza horrekin konforme, aseta, harro edo nazkatuta ote gauden.

Olaizola Kamikaz kolektiboaren partaide da, Amancay Gaztañagarekin eta Miren Gaztañagarekin batera, eta nik behintzat lehen aldiz Francoren bilobari gutuna hartan ikusi nuen. Gero Xake produkzioak-en Lur bikainean. Orain Metrokoadroka kolektiboko hiru kide funtsezkoren laguntza jaso du bere proiektua aurrera eramateko, eta bidean Leire Arenas diseinatzaile eta ilustratzailearen ezinbesteko laguntza izan du. Argi dago esandako guztiek ez dutela euren artean era konpetitibo batean jardun, eta hori emaitza eszenikoan igarri eta eskertu egiten da. Zerbait ari da gertatzen hau guzti hau posible egiten denean, naturaltasunez eta efikaziaz gertatzen denean. XXI. mendeari dagozkion planteamenduak ari dira beren bidea egiten gurean, eta euskararen eremuan ari da hori guztia arrakastatsua izaten. Bazen garaia, baina ez diezaiogun inoiz erne egoteari utzi.

Kritika osoa honako lotura honetan irakur daiteke.

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu