Rikardo Arregi Kazetaritza Sarietarako hautagaien artean da Miel Anjel Elustondo kazetaria

Uztarria.eus 2019ko aza. 6a, 12:08
Miel Angel Elustondo artxiboko irudi batean. (Amaraunga.org)

Elustondo Berriarako egin zuen Zozoen elean elkarrizketa sortagatik izendatu dute finalista. Azpeitiarra Uztarria aldizkariko kolaboratzailea ere bada. Komunikazio sarirako hautagaien artean, berriz, Codesyntax enpresak garatutako Egunean Behin mugikorretarako jokoa dago; Josu Azpillaga informatikari azpeitiarra da joko horren sortzaileetako bat.

Epaimahaiak jakinarazi ditu dagoeneko 2019ko Rikardo Arregi Kazetaritza Sarietako finalisten izenak, eta Kazetaritza saria jasotzeko hautagaietako bat da Miel Anjel Elustondo (Azpeitia, 1958) kazetaria. Elustondo Berriarako egin zuen Zozoen elean elkarrizketa sortagatik izendatu dute finalista. Azpeitiarra Uztarria aldizkariko kolaboratzailea ere bada. Elustondoz gain, beste hiru finalista ere hautatu ditu epaimahaiak: Jon Artano kazetari zestoarra 2019. urtean Ameriketatik egindako EITBrako kronikak eta elkarrizketak direla eta; Ana Galarraga zientzialari zarauztarra Elhuyar aldizkariko Iraultza txikien lekukoak atalagatik; eta Kanalduderen Hurbiletik telebista saioagatik.

Horiez gain, Komunikazio sarirako hautagaiak ere hautatu ditu epaimahaiak. Codesyntax enpresak garatu duen Egunean Behin mugikorrerako jokoa dago finalisten artean, eta Josu Azpillaga azpeitiarra da joko horren sortzaileetako bat. Gainera, tokiko hainbat hedabidek –Zumaiako Baleike da tartean– sortutako Ttap aldizkari digitala ere finalisten artean da, baita Oier Aranzabalek zuzeu.eus-eko Barruan gaude atalean argitaratzen dituen poadcastak ere. Horiez gain, 2019ko Korrikaren komunikazio kanpaina ere saria jasotzeko hautagaien artean da.

Epaimahaiak aurten lehen aldiz izendatu ditu finalistak, eta azaroaren 28an Andoaingo Bastero antzokian egingo duten sari banaketa ekitaldian jakinaraziko ditu zeintzuk diren 2019ko sariketaren irabazleak. Sari bakoitzaren garaileak 9.000 euro eskuratuko ditu. Andoaingo Udalak antolatzen ditu Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak. Aurtengo epaimahaia hainbat unibertsitate irakaslek eta komunikazioan adituk osatu dute, hala nola Jose Inazio Basterretxeak, Aingeru Epalzak, Itxaro Bordak, Maite Goñik, Elixabete Larrinagak, Jon Sarasuak eta Ion Muñoa Azpeitiko bizilagunak.