Eneritz Romero: "Askok diote emakumeok hobeto gidatzen dugula"

Uztarria.eus | Gizartea
2019ko aza. 8a, 09:31

Egun Bartzelonan bizi da Romero. Azafata lanetan badabil ere, garbi du hegazkineko pilotu izan nahi duela, eta horretarako prestatzen ari da. Zu zeu atalerako elkarrizketatu du Mireia Galarza kazetariak 2019ko urriko Uztarria aldizkarian.

Eneritz Romero azpeitiarra, pilotu izateko praktikaldi batean.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Noiztik duzu pilotu izateko gogoa?

Betidanik piztu izan didate arreta hegazkinek. Gustatzen zait bidaiatzea eta kultura ezberdinak ezagutzea, eta horregatik erabaki nuen azafata lanetan hastea. Lehen urrats horrek hegazkinen mundua hobeto ezagutzeko balio izan dit. Orain, are garbiago daukat pilotu izan nahi dudala.

Non ari zara pilotu izateko ikasten?

Londresen hasi nintzen ikasten, baina han beste leku batzuetan baino garestiagoa eta zailagoa da ikastea, eguraldi aldakorragatik. Horregatik, irailaz geroztik Bartzelonan ari naiz pilotu izateko ikasketak egiten.

Zein dira pilotu baten eginbeharrak?

Bidaiarien segurtasuna bermatzea da pilotu baten betebehar nagusiena.

Ez al daude gidari lanak gizonekin lotuta?

Orain arte bai, baina aldatzen ari da kontua. Niri ez didate inoiz ezer esan emakumea izan eta pilotu ikasketak egiten ari naizelako. Are gehiago, askok diote emakumeak lasaiagoak garela eta hobeto gidatzen dugula.

Zer da lanbide horretatik gehien gustatzen zaizuna?

Harrigarria iruditzen zait hain denbora gutxian munduko leku batetik bestera bidaiatu ahal izatea. Hegazkin bidez autoz edo trenez heldu ezin zaitezkeen lekuetara irits zaitezke. Hala ere, batzuetan egun berezietan lan egitea suertatuko zait, eta gogorra da hori.

Garrantzitsua al da hizkuntzak jakitea?

Zenbat eta hizkuntza gehiago jakin, hobeto. Nik euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa dakizkit. Portugesa eta italiera ulertzen ditut, eta beste hizkuntza batzuk entzun eta funtsezko hitzak ikasten ari naiz.

Ez al da pagotxa bidaiatzen duzuen bitartean lan egitea?

Bai, baina beti ez gara helmugako hirian geratzen. Nik egunean lau bidaia egiten ditut, baina egunero itzultzen naiz etxera lotara.

Herriminik ez al daukazu alde batetik bestera bidaiatzen ibilita?

Noski. Lagun asko ditut hemen, eta mutil-laguna ere bai. Baina Azpeitian ditut familia eta txikitako lagunak, eta faltan sumatzen ditut.

Bidali:  

Erantzunak

Tx | 2019-11-08 : 10:48

Ea egunen baten gizonekin lotuta ta holako galderak einberrik eztaon. Eta naturaltasunez hartzedeun emakume o gizon edozein ofiziyotan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu