Finalerdien zain dira, finala helmuga jarrita

Uztarria.eus 2019ko aza. 5a, 12:10
Jokin Uranga Eibarko saioan. (Bertsozale)

Larunbatean jokatu zen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken final-laurdena, Azkoitian. Jokin Uranga eta Beñat Lizaso finalerdietan izango dira, eta biek abenduaren 1eko Tolosako saioan kantatuko dute. Bi bertsolari azpeitiarrak "gustura" dira txapelketan jarraitzen dutelako.

Finalerdietara iritsi da dagoeneko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Izan ere, herenegun izan zen bosgarren eta azken final-laurdena Azkoitiko Baztartxo antzokian, eta erabakita gelditu ziren finalerdietako hiru saioak. Bost saioen irabazleak nahiz puntuazioz beste hamahiru bertsolarik egin dute txapelketan aurrera, eta horien artean dira Jokin Uranga eta Beñat Lizaso azpeitiarrak.

Urangak Eibarko saioan bigarren eginda lortu du finalerdietara pasatzea; izan ere, han lortutako puntuak aski izan zitzaizkion saioan bukatzean finalerdietara pasatzeko. Azpeitiarra "gustura" da final-laurdenak ondo joan zaizkiolako: "Oso kontzentratuta nengoen, eta zortziko txikian gaia ez gustatu izana da daukadan pena bakarra. Jon Maiarekin egin nuen ariketa hura, eta gehiegi gozatu ez genuen sentipenarekin eseri ginen aulkietan".

Lizasok, berriz, joan zen zapatura arte zain egon behar izan du puntuazioz sailkatzeko, hala ere "pozik" dago jasotako berriarekin: "Irungo saioaren ostean, kalean ikusten nuen neure burua, eta azkenean, sorpresa eta dena izan da sailkatzea".

Finalerdietarako prest

Asteburu bateko etenaren ostean iritsiko dira final-laurdenak. Lehen saioa Arrasaten izango da azaroaren 17an, eta Agin Laburu, Eñaut Martikorena, Iñaki Apalategi, Nerea Elustondo, Unai Gaztelumendi eta Unai Mendizabal ariko dira nor baino nor. Bigarren finalerdia Oiartzunen izango da hilaren 24an, eta Alaia Martin, Amaia Iturriotz, Ane Labaka, Asier Azpiroz, Beñat Gaztelumendi eta Iñigo Mantzizidor izango dira agertokian. Hirugarren eta azken saioa, berriz, abenduaren 1ean izango da Tolosan, eta Jokin Urangak, Beñat Lizasok, Haritz Mujikak, Iban Urdangarinek, Jon Maiak eta Oihana Iguaranek abestuko dute. Saio horietarako sarrerak 13 euroren trukean eros daitezke bertsosarrerak.eus atarian.

Kasualitatea edo ez, Urangak eta Lizasok elkarrekin abestuko dute abenduaren 1eko saioan. Eta kasualitateak edo ez, Lizasok hirugarren aldiz izango du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalerdietako saioa Tolosan: "Lehen ere bitan abestutakoa naiz han, eta bietan seigarren egin nuen. Uste dut badela garaia finalarekin obsesionatu gabe finalera begira borroka egiteko". Izan ere, Lizasoren arabera, orain da demostratzeko unea: "Hurrengo fasera merezita iritsi garela eta finalerdietan kantatzeko maila badugula erakutsi behar dugu".

Gainera, herrikide bat izango da berarekin batera agertokian, eta Lizasok uste du hori bi bertsolarientzat dela ona: "Betiko laguna da, batera ibili izan gara bertsotan, eta uste dut gertu egoteak mesede egingo digula bai elkar animatzeko, bai elkar babesteko". Urangak ere ildo beretik hitz egin du, Lizasorekin eta Maiarekin kantatzea "berezia" dela esanda. "Biak oso lagunak ditut, eta uste dut agertokian elkar babesteko balioko digula laguntasunak. Gainerako hiru bertsolariak ere oso onak dira, eta oso gustura nago tokatu zaidan saioarekin. Tolosakoa azken saioa izanik, jende pila bat izango dela pentsatzen dut. Finalaren aurreko tentsio hori ere nabarituko da, eta saio on bat egitera joango gara".

Urangaren aburuz, dimentsio aldaketa dago final-laurdenen eta finalerdien artean. "Pilotalekuetan izango dira saioak, beste jendetza bat bilduko da, beste tentsio bat sumatuko da, finala jokoan izango da... Uste dut oso saio onak izango direla hirurak, eta norberak bere onena ematen badu, oso saio onak atera daitezkeela. Inork ez du ziurtatuta finalera pasatuko denik, ezta pasatuko ez denik ere; finalera pasatzea nahi duenak bertsotan egin beharko du".

Final-laurdenetara sailkatu diren bertsolari guztiek 2021ean izango den Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan aritzeko txartela eskuratuta dute. Dena den, oraingoz, Euskal Herrikoa urrun dute bertsolariek, Gipuzkoako Txapelketan baitute arreta jarrita.