Ostiralarekin iritsiko dira San Martin jaiak Lasaora

Uztarria.eus 2019ko aza. 6a, 10:30
Iazko festetako irudia.

Ostiraletik astelehenera bitartean hainbat ekintza izango dira Lasaon. Festak ostiralean hasiko dira txupinazoarekin, eta hura botata, bertso afaria izango da auzo lokalean, Andoni Egañarekin eta Maddalen Arzallusekin. Zapaturako umeentzat ekintza ugari antolatu dute, eta igandean eta astelehenean ere izango da zer egin.

Ostiralean hasiko dira Lasaoko San Martin jaiak, eta astelehenera bitartean ekitaldi ugari izango dira auzotarren gozamenerako. Ostiralean, 20:00etan botako dute txupinazoa, eta ondoren, bertso afaria egingo dute Andoni Egañarekin eta Maddalen Arzallusekin, auzo lokalean. Segidan, Hitzeder eta Txibilter trikitilariak arduratuko dira giroa alaitzeaz.

Zapatuan izango dute segida festek, eta batez ere, umeei eta gaztetxoei zuzendutako egitaraua prestatu dute egun horretarako. Izan ere, umeen txupinazoa, bazkaria, jolasak, puzgarriak eta txokolatada egingo dituzte egun osoan zehar. Igandean, berriz, txistularien, erraldoien nahiz buruhandien kalejirarekin hasiko dute eguna, eta segidan, nekazarien produktuen azoka izango da. Eguerdian, berriz, auzotarren bazkaria egingo dute.

Astelehenean ere izango da zer egin Lasaon, San Martin egunerako jubilatuentzako ekintza parea prestatu baitute. Batetik, meza izango da 11:00etan, eta Zestoako Parrokiako Abesbatza bertan izango da; bestetik, elizkizuna bukatzean jubilatuentzat hamaiketakoa izango da auzo lokalean.

Egitaraua

Azaroak 8, ostirala

20:00etan, txupinazoa.
 
20:30ean, bertso afaria Andoni Egaña eta Maddalen Arzallus bertsolariekin.
 
Ondoren, Hitzeder eta Txibilter trikitilariak.

 

Azaroak 9, larunbata

13:00etan, umeen txupinazoa eta argazki erraldoia.

Gero, gaztetxoen bazkaria eta jolasak.

16:30ean, puzgarriak.

17:00etan, txokolatada.

 

Azaroak 10, igandea

11:30ean, Idiakaitz Txistulari taldearen kalejira.

11:30ean, erraldoiak eta buruhandiak.

11:30ean, nekazal produktuen azoka eta erakusketa.

14:30ean, bazkari herrikoia.

 

Azaroak 11, astelehena

11:00etan, meza. Zestoako Parrokiko abesbatza izango da bertan.

11:30ean, auzoko jubilatuentzat hamaiketakoa.