Irudhitzen lehiaketaren IV. edizioa

Iñaki Etxenagusiak irabazi du IV. Irudhitzen lehiaketaren argazkien atala

Uztarria.eus 2019ko aza. 5a, 11:41
IV. Irudhitzen argazki lehiaketaren irabazlea. (Iñaki Etxenagusia)

Xanti Rodriguezek, Paola Motok eta Nagore Iriartek osatu dute epaimahaia. Horiek azaldu dutenez, Etxenagusiaren argazkia aukeratu dute "teknikoki nabarmentzekoa" delako. Irudi irabazleaz gain, beste hamaika irudi aukeratu dituzte Uztarriaren 2020ko Irudhitzen egutegia osatzeko. Argazkien atala itxita, martxan da testu laburren lehiaketa.

Badu irabazlea IV. Irudhitzen lehiaketaren argazkien atalak: Iñaki Etxenagusia. Haren argazkia nabarmendu du epaimahaiak, eta, horrenbestez, hark jasoko du 150 euroko diru saria. Mugimendua izan da argazki lehiaketaren gaia. Aurten, Xanti Rodriguezek, Paola Motok eta Nagore Iriartek osatu dute Irudhitzeneko epaimahaia, eta atzo, astelehena, elkartu ziren erabakia hartzeko. Denbora luzez aritu ziren argazkiak behatzen, eta hiru kideak bat etorri ziren irudi irabazlea nabarmentzerako unean. Epaimahaikideek azaldu dutenez, Etxenagusiaren argazkia "teknikoki nabarmentzekoa" da, eta horregatik aukeratu dute irabazle gisa.

2020ko Irudhitzen egutegia osatzeko, argazki irabazleaz gain beste 11 irudi aukeratu ditu epaimahaiak. Guztira, 58 argazki aurkeztu dituzte Irudhitzen argazki lehiaketaren aurtengo ediziora. 

Jarri hitzak irudiei

Irudien lehiaketa itxita, martxan da testu laburren lehiaketa. Bigarren ataleko parte-hartzaileek Rodriguezek, Motok eta Iriartek aukeratutako hamabi argazkiei jarri beharko dizkiete hitzak. Ipuin laburrak, narrazioak, bertsoak, olerkiak, esaldiak, hitz-jokoak... aurkez daiteze testuen lehiaketara. Gaur, azaroak 5, zabalduko da hitzak aurkezteko epea, eta hilaren 22an itxiko da. Xabier Gantzarain, Miren Garate eta Leire Ostolaza arduratuko dira aurkeztutako testuetatik hamabi nabarmentzeaz. Horietako bat izango da testu irabazlea, eta haren egileak 150 euroko saria eskuratuko du. 

Honakoak hauek dira testu lehiaketaren oinarriak:

  • Pertsona bakoitzak gehienez bost irudiri jarri ahal dizkio hitzak. 
  • Argazkia oinarri, norberak erabakiko du zertaz idatzi. Argazkiaz, horren gainean egindako hausnarketaz, irudiak eragiten dionaz, sentiarazten dionaz, horren inguruan pentsatzen duenaz...
  • Gehienez 100 hitzeko testuak izan behar dute.
  • Aipatu egin behar da zein argazkiri jarri zaizkion hitzak. 
  • Azaroaren 22a izango da testuak bidaltzeko azken eguna. Honako helbidera bidali behar dira testuak: lehiaketakuztarria@gmail.com.

Egutegia osatuko duten argazkiak 

Iñaki Etxenagusiaren irudiaz gain –goian ageri dena–, honako argazki hauek osatuko dute Uztarria Komunikazio Taldearen 2020ko Irudhitzen egutegia:

(Iñigo Olarte)

(Alberto Beloki)

(Haizea Salegi)

(Iñigo Olarte)

(Juan Joxe Agirre)

(Alberto Beloki)

(Juan Carlos del Pozo)

(Mikele Lapeira)

(Iñaki Etxenagusia)

(Alberto Beloki)

(Juan Joxe Agirre)