Emakumeen Txokoan agerraldia egin du Mertxe Aizpurua EH Bilduren hautagaiak

Uztarria.eus 2019ko aza. 4a, 17:31

Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpaina martxan da dagoeneko, eta EH Bilduk Azpeitian ekitaldia egin du gaur, astelehena. Emakumeen Txokoan izan da Mertxe Aizpurua Gipuzkoako zerrendaburua, eta hark igandeko hauteskundeek emakumeentzat zer garrantzia duten azpimarratu du: "EH Bilduk lortzen ez duen ordezkaria Espainiako eskuinera joango da, eta euskal emakumeok dagoeneko ondo dakigu Espainiako eskuinak zer proposatzen duen guretzat". Hark alboan izan ditu, besteak beste, eskualdeko hainbat emakume alkate –Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea tartean–, Gipuzkoako Batzar Nagusietako EH Bilduren ordezkariak eta Maddalen Iriarte EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramailea. "Euskal emakume feminista naizenez, ozen salatu nahi dut justiziarik ez datorrela Espainiako Estatutik emakumeontzat. Justizia deitzen diote injustiziari, eta Iruñeko bortxaketaren osteko epai iraingarria da horren adibide nagusiena".

Aizpuruak euskal emakume feministak ordezkatuko dituen "ahots indartsua" behar dutela Madrilen, EH Bilduri erreferentzia eginda: "Injustiziaren aurrean justizia aldarrikatuko duena, inboluzioaren aurrean demokrazia eskatuko duena, askatasuna errepresio politikoaren aurrean, duintasuna murrizketa sozialen eta ekonomikoen aurrean". Gainera, inkestei erreparatuta, Araban nahiz Nafarroa "ahotsa indartzea jokoan" dutela adierazi du. EH Bilduk indar politiko aurrerakoiak eta subiranistak Madrilen elkarrekin aritzeko konpromisoa du EH Bilduk zerrendaburuarenn arabera: "Entzun gaitzaten, Euskal Herriko herritar ororen eskubide guztiak defendatzeko, mugimendu feministak egindako deiak aintzat hartu eta hemen ere politika feministak landu ahal izateko, eta horien bitartez bizitza duinak eta biolentziarik gabekoak bermatu ahal izateko, Euskal Herria libre eta justu batean".

(Argazkia: EH Bildu)