Hilaren 11tik 18ra izango da zabalik Kirol Sarietarako hautagaiak aurkezteko epea

Uztarria.eus 2019ko aza. 4a, 12:24
Iazko Kirol Sarien ekitaldiko irudia.

Abenduaren 14an, larunbatez, izango da sari banaketa ekitaldia udaletxean. Aurten ere hiru sari banatuko dituzte: Urteko Kirolaria Saria (gizona), Urteko Kirolaria Saria (emakumea) eta Urteko Boluntarioaren Saria. Kirol klubek eta herritarrek sarituak hautatzeko botoa emateko aukera izango dute azaroaren 20tik 27ra bitartean, eta epaimahaiak abenduaren 3tik 5era hartuko du erabakia.

Azpeitiko Udalak eta Kirol Mahaiak beste urtebetez antolatu dituzte Kirol Sariak, eta elkarteek nahiz norbanakoek hilaren 11tik 18ra bitartean izango dute proposamenak egiteko aukera. Abenduaren 14an, larunbatez, izango da sari banaketa ekitaldia udaletxean, 12:00etan hasita. Aurten ere hiru sari banatuko dituzte, eta beraz, hautagaiak ere hiru sari horietarako aukeratu behar dira: Urteko Kirolaria Saria (gizona), Urteko Kirolaria Saria (emakumea) eta Urteko Boluntarioaren Saria. Sari horiek guztiak pertsona edo talde batek jaso ditzazke.

Datorren astelehenean zabalduko dute hautagaiak aurkezteko epea, eta herritarrek kirolak@azpeitia.eus helbidera mezua idatzita, 688 84 51 19 telefono zenbakira deituta edo Udal Harrera Erregistrora joanda egin ditzakete proposamenak. Kirol klubek, berriz, eranskin bat aurkeztu beharko dute proposamenak egiteko. Horiek kirolak@azpeitia.eus helbidera mezua idatzi edo Udal Harrera Erregistrora joan beharko dute. Udalak azaldu duenez, kirol emaitez gain, garrantzitsua da bestelako balioak eta merituak kontuan hartzea.

Botoa emateko epea, gero

Kirol klubek eta herritarrek sarituak hautatzeko botoa emateko aukera izango dute azaroaren 20tik 27ra bitartean. Klubek eta herritarrek proposatutako hautagaiekin osatutako zerrenda ikusgai jarriko dute, eta herritarrek nahiz kirol klubek hainbat modutan eman ahal izango dute boza: kirolak@azpeitia.eus helbidera mezua idatzita edo 688 84 51 19 telefonora deituta. Epaimahaiak abenduaren 3tik 5era bitartean hartuko du erabakia, jasotako proposamenetan oinarrituta.