Beñat Lizaso Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalerdietara sailkatu da

Uztarria.eus | Kultura
2019ko aza. 3a, 11:31

Joan zen urriaren 21ean kantatu zuen azpeitiarrak Irunen, eta saio hartan bigarren sailkatu zenez, gainerako final-laurdenen zain egon behar izan du. Irungo saioan lortutako 455,5 puntuak aski izan zaizkio hurrengo fasera sailkatzeko. Tolosako finalerdian ariko da Lizaso, eta Jokin Uranga ere saio berean ariko da.

Atzo, zapatua, bukatu zen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-laurdenen fasea, eta Beñat Lizasok finalerdietarako txartela eskuratu du. Joan zen urriaren 21ean kantatu zuen azpeitiarrak Irunen, eta saio hartan bigarren sailkatu zenez, gainerako saioen zain egon behar izan du. Dena den, Irungo saioan lortutako 455,5 puntuak aski izan zaizkio hurrengo fasera sailkatzeko; 451,5 punturekin sailkatu da azkena, Unai Gaztelumendi.

Lizaso ez da izango finalerdietan ariko den azpeitiar bakarra; izan ere, Jokin Uranga ere hurrengo fasean ariko da. Hark Eibarko saioan abestu zuen urriaren 26an, eta bigarren sailkatu bazen ere, lortu zuen puntuazioa nahikoa izan zitzaion hurrengo fasera igarotzeko. Hain zuzen ere, bost final-laurdenen irabazleak zuzenean sailkatu dira finalerdietara, eta beste hamahiru bertsolari puntuazioaren arabera.

Bi azpeitiarrek zita bera dute finalerdietan: Tolosako saioan abestuko dute abenduaren 1ean, igandez. Lizasorekin eta Urangarekin batera izango dira Usabal kiroldegian, Iban Urdangarin, Oihana Iguaran, Jon Maia eta Haritz Mujika. Saioaren irabazlea zuzenean sailkatuko da abenduaren 14an Donostiako Ilunben jokatuko den finalera, baita aurretik Arrasaten eta Oiartzungo saioen irabazleak ere. Finalean ariko diren beste bost bertsolariak puntuazioaren arabera sailkatuko dira.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu