Herriratu dute Pepe Gil argazkilariaren ehunka irudirekin osatutako liburua

Uztarria.eus 2019ko aza. 2a, 15:41

Pepe Gil argazkilariaren artxiboko irudiekin osatutako liburua aurkeztu dute gaur, zapatua, Sanagustin kulturgunean. Jende ugari bertaratu da liburuaren aurkezpen ekitaldira, eta Azpeitiko Argazki Elkarteko (AAE) kideek hitzordua aprobetxatu dute argazkilariaren ibilbideari aitortza egiteko eta labetik atera berri duten lanaren inguruko xehetasunak azaltzeko. Osasun arazoak tarteko, Gilek ezin izan du omenaldian egon. Hori dela eta, haren seme Enrique Gil bertaratu da aitaren omenez egindako ekitaldira. Pepe Gilen artxiboan jasotako argazki batzuekin osatutako irudien proiekzioak ireki du omenaldia.

Argazki elkarteko kide Izaskun Zeziagak hartu du hitza aurrena, eta Pepe Gil argazkilariaren ibilbideko zenbait datu eta pasarte gogoratu ditu. "Zaragozan jaio zen Pepe Gil, 1931n. 14 urte zituela izan zuen aurreneko kontaktua argazkilaritzarekin, eta hainbat saltokitan lan egin ostean, 1954. urtean iritsi zen Euskal Herrira, Donostiara. Han ere argazkilaritzari lotutako hainbat lan egin ostean, 1957. urtean hasi zen Azpeitira etortzen igandero. Loiolara joaten zen Gil, han zenbilen jendeari argazkiak ateratzera. Urtebetera, 1958. urtean, mugitu zen Azpeitira bizitzera. Herrian igaro zituen urteetan, milaka argazki atera zituen, eta beti ibiltzen zen argazki kamera soinean zuela. Erretiroa hartu zuenean, Azkoitira joan zen bizitzera, eta Azpeitian gelditu ziren hark ateratako argazki ugari. Egun batean, Pepe Gil Mikel Ibarzabal zinegotziarekin jarri zen harremanetan, nahi izatekotan etxean zuen argazki artxiboa bere eskuetan uzten zuela esateko. Orduan, Ibarzabal argazki elkartearekin jarri zen harremanetan, eta bertako kideen esku utzi zuen Gilen irudi artxiboa". 

22.400 argazkiko altxorra

Azpeitiko Argazki Elkarteko kideek "urte luzez" izan dute gordeta Ibarzabalek beraien esku utzitako materiala. Ez zuten aurkitzen argazki artxiboarekin lanean hasteko une egokirik, duela bi urte AAEko kide Juan Joxe Agirre lanerako prest agertu zen arte. "Denbora librea" zuela eta, prest agertu zen Pepe Gilen artxiboko materiala sailkatzeko eta digitalizatzeko. Lan handia egin du Agirrek, eta berak azaldu ditu xehetasunak: "Pepe Gilen artxiboan festetako argazki asko dago, zezenketetakoak, txupinazokoak, karnabaletakoak, danborradakoak, kirolarienak, kultur ekintzak, kaleko etxe zaharrenak eta obrenak... Eta jende asko ageri da, horietako asko gaur egun falta direnak, eta beste batzuk hemen gaudenak. Aukeraketa egin ostean, 22.400 argazki digitalizatu nituen. Liburu mardul bat egiteko materiala zegoela ikusi ostean otu zitzaigun liburua plazaratzeko ideia. Modu horretan, artxiboko 550 argazki jaso ditugu liburuan. Irudi horiek tarteka Interneten jartzeko asmoa du argazki elkarteak, ikusi nahi dituenak eskura izan ditzan". Agirrek eskerrak eman dizkio Azpeitiko Udalari argazki elkartearen izenean, gaur aurkeztutako liburua argitaratzea posible egiteagatik. 

Enrique Gilek, berriz, hunkituta hartu du hitza, eta eskerrak eman dizkie Azpeitiko Argazki Elkarteari nahiz Udalari liburua osatzeko eta plazaratzeko egindako lanagatik. Eneritz Albizu Kultura batzordeburuak eta argazki elkarteko lehendakari Juan Mari Ibarzabalek Pepe Gilen omenezko oroigarri bana eman diete argazkilariaren semeari, eta txalo zaparrada batekin amaitu dute ekitaldia. 

Liburuak salgai jarri dituzte Sanagustin kulturgunean nahiz Azoka Plazan, hamar eurotan. Guztira, mila liburu plazaratu dituzte. 

Azpeitiko Argazki Elkarteak 35 urte bete ditu aurten, eta urtemuga ospatzeko taldeko kideek Argazki Astea antolatu dute. Hori dela eta, argazkilaritzari lotutako askotariko ekintzak eta erakusketak izango dira herriko hainbat txokotan azaroaren 10a bitartean. Argazki Astearen barruan aurkeztu dute Pepe Gil argazkilaren artxiboko irudiekin osatutako liburua. Hori ez ezik, Gilen argazkiak jarri dituzte erakusgai Sanagustin kulturgunean nahiz Foru Ibilbideko erakusketa aretoan.