Lagun Onakek erraz irabazi du Zumaiakoren kontrako partida

Uztarria.eus 2019ko aza. 1a, 15:26

Lagun Onakeko Ohorezko Erregional Mailako neskek beste garaipen bat eskuratu dute gaur goizean. Garmendipe futbol zelaian jokatu dute Zumaiakoren kontrako norgehiagoka, eta 5 eta 0 nagusitu da etxeko taldea. Atsedenaldirako partida ia erabakita zegoen; izan ere, hiru gol lehen zatian sartu ditu Lagun Onakek. Eneritzek sartu du lehen gola zazpigarren minutuan; Joanek bigarrena, handik bi minutura; eta hirugarrena 29. minutuan sartu du Nahiak. Atsedenalditik ere indartsu itzuli dira Lagun Onakeko emakumeak, eta beste bi gol sartu dituzte: 48. minutuan Nahiak eta 53. minutuan Ihintzak.

Golak sartu eta sartu ari dira aspalditxon Lagun Onakeko emakumeak. Hain zuzen ere, azken hiru jardunaldietan bosna gol sartu ditu taldeak. Aldiz, kontrako golik ez dute jaso; markagailua hutsean mantentzea lortu dute hiru partidetan. Denboraldia hasi zenetik sei partida irabazi, bat berdindu eta bat galdu du taldeak, eta emaitza horiek tarteko, hamasei punturekin sailkapeneko hirugarren postuan da Lagun Onak –behin-behinekoa da sailkapena, oraindik partida batzuk jokatzeko daudelako–.