Bizilagunak egitasmoa egingo dute hilaren 17an, jatorri ezberdineko herritarren arteko elkar ezagutza sustatzeko

Uztarria.eus | Gizartea
2019ko aza. 1a, 09:54

Bizilagunak egitasmoa Azpeitira iritsiko da aurten ere. Otordu baten bueltan, jatorri desberdinetako herritarrak batzea eta horiek elkar hobeto ezagutzeko zubiak eraikitzea da proiektuaren helburua, eta azaroaren 11n itxiko dute Bizilagunaken parte hartzeko izen-ematea. Iaz Bizilagunak proiektuan parte hartu zuten zenbait herritarrek beren esperientziak kontatu dituzte. 

2012an jarri zuen martxan SOS Arrazakeria elkarteak jatorri desberdinetako herritarrak batzea eta horiek elkar hobeto ezagutzeko zubiak eraikitzea helburu duen Bizilagunak egitasmoa. Euskal Herriko hainbat hiriburutan eta herritan, urtean behin, mahaiaren bueltan elkartzen dira herri bereko jatorri desberdinetako familiak eta lagunak, bazkaltzeko. Azaroaren 17a, igandea, aukeratu dute aurten Bizilagunaken barruko topaketa horiek Azpeitian egiteko.

Egitasmoan parte hartu nahi duten herritarrek azaroaren 11ra arte eman dezakete izena, Udaleko Gizarte Zerbitzuetako bulegora bertaratuta, 943-15 71 92 telefono zenbakira deituta edo ikastaroak@azpeitia.eus helbidera idatzita. Edozein familiak parte har dezake, baita norbanakoek edota lagun taldeek ere.

Azaroaren 17an, bazkari bakoitzean, bertako familia bat eta familia etorkin bat elkartuko dira. Iaz Bizilagunak egitasmoan parte hartu zuten herritarrak dira Maite Azpiazu, Inaxita Bereziartua eta Hetra Boudjemaa. Beren esperientziak elkarbanatu dituzte Uztarriarekin honako bideo honetan. 

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu