70-75 urte arteko herritarrek "bizi kalitate ona" dutela ondorioztatu du udalak

Uztarria.eus 2019ko urr. 31a, 13:40
Saioa Alvarez ikerketaren egilea, Leire Goenaga zinegotzia eta Patxi Altzibar, Maite Garmendia eta Joxe Mari Iturria Baigerako kideak.

70 eta 75 urte bitarteko adinekoen inguruko azterketaren emaitzak jakinarazi ditu Azpeitiko Udalak. Adin tarte horretako pertsonak ondo bizi dira oro har, bai osasunari dagokionez, bai ekonomikoki. Sektorerik "zaurgarriena" emakumeena dela ondorioztatu dute.

Herriko adinekoen egoera eta bizi kalitatea ezagutzeko eta haien beharrei erantzuteko helburuarekin, Azpeitiko Udala Baigera jubilatuen elkartearekin elkarlanean hasi zen duela zenbait urte. Hasteko, adineko pertsona guztiei etxera eskuorri bat banatu zieten udalak eskaintzen dituen laguntza guztien berri emanez. Ondoren, duela ia hiru urte, udaleko Gizarte Zerbitzuekin harremanik izan ez dutenen berri izateko asmoz, adin tarteka ikerketak egiteari ekin zion udalak: lehenik, 80 urtetik gorakoen azterketa egin zuen; ondoren, 75-80 urte artekoena; eta aurten, 70-75 urte bitartekoena.

Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak azaldu duenez, "oro har bizi kalitate ona" dute adin tarte horretako herritarrek, bai osasunari dagokionez, bai ekonomikoki. Dena den, bada "kezka" eragiten dien sektore bat, "zaurgarriena" dena: emakumeena. "Egin ditugun ikerketa guztietan ondorioztatu dugu emakumeen sektorea dela zaurgarriena". Orokorrean, adin tarte horretan "familia babesgune handia" dela ohartu dira ikerketan. Adineko horien artean, "zaintza behar gutxi" identifikatu dute, baina ilobak nahiz bilobak zaintzen dituztenak ugari direla jabetu dira.

70-75 urte bitarteko biztanleria "oso aktiboa" da Goenagaren arabera, eta hori oztopo izan da azterketa egiterakoan. "Izan ere, asko izan dira beren burua egoera onean ikusi eta azterketan parte hartzeko gonbidapena baztertu dutenak [guztira, 172]. Era berean, beste askorekin ez dugu harremanetan jartzea lortu, etxeko telefonoari kasu gutxi egiten diotelako edo dagoeneko telefonorik ez dutelako".

Ikerketan zenbatu ahal izan dutenez, 70-75 urte bitarteko 852 lagun bizi dira Azpeitian, eta horietatik 184 lagunek Gizarte Zerbitzuekin harremana izan dute azken urteotan. Beste 111 lagunek, gainera, aurreko ikerketaren batean parte hartu dute, beste adin tarte bateko adinekoren batekin bizi direlako. Beraz, oraingoan, 70-75 urte bitarteko 550 pertsonarengana (453 etxetara) jo du udalak, beren egoera gertutik ezagutzeko. Hala ere, 550 lagun horietatik 211 pertsona eta 119 etxe bisitatzera heldu dira.

Azken ikerketetako prozedura bera baliatu dute azken lanean ere: lehenik, gutunak bidali zituzten etxeetara, eta udaberrian bisitak egin zituen Saioa Alvarez teknikariak. Hainbat ataletan jarri du hark arreta: adinekoak zer egoera ekonomiko duten, zer autonomia, nola zainduta dauden, etxearen egoera... Gainera, azken ikerketan aktibotasuna eta bakardade egoera ere aztertu dituzte. Era berean, udalak dituen baliabideak zeintzuk diren jakinarazi diete adinekoei.

Patxi Altzibar Baigerako kideak udala egiten ari den ikerketek duten garrantzia azpimarratu du. Hori bai, pentsio duinen aldeko aldarrikapena egiteko ere baliatu du hitzartzea. "Udalak aurten 200.000 euroko partida jarriko du pentsiodunak 1.080 euroko kopurura irits daitezen. Pentsio duinak izango bagenitu, udalak diru hori beste zerbaitetarako erabili ahal izango luke", esan du.

Emaitzak, atalez atal

Saioa Alvarez arduratu da ikerketa egiteaz, eta hark atalez atal xehatu ditu azterketaren emaitzak.

  • Gizarte Zerbitzuekiko ezagutza: Ikerketan parte hartu dutenen gehiengoa (%62) ez da inoiz Gizarte Zerbitzuetan izan. Gizarte Zerbitzuetara noizbait jo dutenak %33a dira, baina gehienak gertuko kideren batentzako prestazioen kontsultak egitera joan izan dira. %57k Gizarte Zerbitzuek eskaintzen dituzten zerbitzuen gaineko informaziorik ez zuten ordura arte.
  • Egoera ekonomikoa: Azterketan parte hartu dutenen %82 erraz iristen dira hilabetearen amaierara, etxebizitzako sarrerak kontuan izanda. %85,6k jubilazio pentsioa jasotzen dute. Alarguntasun pentsioa %13k kobratzen dute (denak emakumeak), eta horietako oso gutxi dira horrez gain erretiro pentsioa kobratzen dutenak. %5ek (10 lagun) ez dute pentsiorik kobratzen; horiek denak ere emakumeak dira
  • Etxebizitzaren ezaugarriak: Elkarrizketatutako herritarren %97k beren etxebizitza dute, eta egoera onean dauden kaleko etxebizitzetan bizi dira. Egoera onean egonagatik, oztopo arkitektonikoak dituzte etxeen %44,9k: egokitu gabeko komuna, koskak, eskailerak, igogailu falta...
  • Osasun egoera eta autonomia: Elkarrizketatuen %96k ez dute beste pertsona baten beharrik eguneroko bizitzan. Osasun egoera ona dutela baieztatu dute %85,10ek, hala moduzkoa %10,40k, eta eskasa %4,50ek. Adinarekin lotutako gaitasun galera dutela nabarmendu dute adinekoek, baina horiek kontuan hartu gabe, autonomia maila "oso altua" eta osasun egoera "oso ona" dute. 211 lagunettik 193k ariketa fisikoa egiteko ohitura dute.
  • Harreman sozialak: %98k familiarekin harreman ona dutela adierazi dute; %70,50 egunero egon ohi dira familiarekin, eta %23,50, astero. Familiaz kanpoko harreman sozialak %88,10ek dituzte; horietatik %46, 10 egunero egon ohi dira lagun horiekin, eta %22, 10, astero. Egunerokoan gertatutako arazoen aurrean heldulekurik ba ote duten galdetuta, %94, 50ek baietz erantzun dute; %4, 5ek batzuetan; eta %1ek, inoiz ez. Helduleku hori, gehiengoak familian du. Beraz, gehienek nahiko harreman jarraitua dute inguruarekin.  
  • Bakardadea: Elkarrizketatuetatik 37 bakarrik bizi dira. %75k inoiz ez direla bakarrik sentitzen adierazi dute. %23,50ek batzuetan bakarrik sentitzen direla adierazi dute, eta %1,5ek beti sentitzen direla bakarrik.

65 urtetik gorako adinekoen egoera aztertzea da udalaren asmoa, eta beraz, ikerketekin amaitzeko, 65-70 urte artekoan azterketa egitea falta da. Udala urtea amaitzerako hasiko da lan horretan.