Parekidetasunaren alde egiten dutenen bozgorailua

Uztarria.eus 2019ko urr. 31a, 14:29
Ana Novoa, Maite Segurola, Ane Rey eta Ione de la Cruz dira 'Zirrikitotik' aldizkariaren sortzaileetako batzuk. (Maialen Etxaniz)

Zirrikitotik izeneko aldizkaria sortu dute. Helburua da parekidetasunaren alde egiten dutenei ahotsa ematea eta Emakumeen Txokoan egiten diren egitasmoen berri ematea. Hilean behin plazaratuko dute aldizkaria, euskarri fisikoan nahiz digitalean. Feminismoari lotutako gaiak landuko dituzte hiru atal izango dituen fanzinean.

Arrakala berri bat ireki dute Azpeitiko mugimendu feministan. Ekarpena egitera datorren arrakala; bozgorailua izan nahi duen zirrikitua. Azpeitiko Emakumeen Mahaiak Zirrikitotik izeneko fanzinea sortu du, "herriko emakumeen eta parekidetasunaren alde egiten dutenen bozgorailua". Xumea da Zirrikitotik, baina maitasun handiz egindakoa, eta ez zaio mamirik falta. Emakumeen Txokoan azaldu dituzte proiektuaren inguruko xehetasunak, mimoz zaintzen duten tronu morean. 

Proiektuaren sustatzaileek azaldu dutenez, Zirrikitotik aldizkaria behar bati erantzuteko jaio da, baina ez horretarako bakarrik: "Emakumeen Txokoan egiten diren ekimen ororen berri emateko beharra ikusi genuen, eta behar horri erantzuten dio aldizkariak. Emakumeen Mahaiak sustatuta nahiz herriko eragileek antolatuta Emakumeen Txokoan egiten diren ekimenak iragartzea eta herritarrei erakustea da asmoa. Dena den, ez dugu Emakumeen Txokoko gertakarien kronika eta iragarpen hutsa egingo duen aldizkaria bakarrik izaterik nahi. Herriko beste ekimen feministei edo emakumeen eskubideei lotutako egitasmoei espazioa eman eta euskarri berean elkartu nahi ditugu". Zirrikitotik fanzinearen sortzaileen nahia da herritarrak eta eragileak gogoeta eta irakurketa feministak egitera bultzatzea: "Pentsatzen dugu bakoitzak bere esparrutik egin dezakeela ekarpena parekidetasunera". 

Halaber, hitzak eta ilustrazioak lotuko dituen proiektua da jaio berri den fanzinea. "Herriko arte adierazpenei tokia egiten saiatuko gara, aldizkari bakoitzean horretarako lekua eskainiz", adierazi dute sustatzaileek. 

Nolakoa da Zirrikitotik?

"Zirrikituetatik irrintzi egiteko eta begirada anitzak ezagutzeko" sortu dute aldizkaria, eta hiru atal ditu: azala, Begiradak eta Hileko Irrintzia. Aldizkariaren azala berezi egiten saiatuko dira, eta bertan emango diote leku arte adierazpenei. Beraz, herriko artistek egindako marrazkiak nahiz ilustrazioak jantziko dute Zirrikitutik aldizkariaren azala. 

Begiradak izeneko atala "mamia" izango da. Hau da, bertan jasoko dute informazio orokorra, hala nola irakurketak, elkarrizketak, erreportajeak, iritziak... Modu horretan, Begiradak atalean feminismoari lotutako denetariko gaiei, gertaerei edo ekintzei begira jarriko dira. 

Hileko Irrintzia atala, berriz, agenda izango da. Azaldu dutenez, helburua da "Azpeitiko agenda parekide osatua" lortzea, euskarri jakin batean. Horregatik, herriko eragileek antolatutako ekintzak ere kontuan izango dituzte Hileko Irrintzia osatzerako garaian.

Maiztasunari dagokionez, hilabetekaria izango da Zirrikitotik. Hau da, hilean behin kaleratuko dute fanzinea, hil bukaeran. Modu horretan, etortzeko dagoen hilabeteko agendako ekintzen berri emango dute aldizkari bakoitzean. 

Euskarri digitalean nahiz fisikoan plazaratuko dute fanzine feminista, arrazoi ezberdinak tarteko: "Zirrikitotik fanzinea digitalki zabalkundea izango duen aldizkaria izatea nahi dugu. Era berean, inprimatzeko aukera izango da, edozein arrazoi dela eta bitarteko digital batera sarbidea ez duten pertsonek ere eskuragarri izan dezaten".  Modu horretan, herriko hainbat leku publikoetara zabalduko dute, herritarrek nahieran irakur dezaten. Aldizkari fisikoa herriko hainbat txokotan jarriko dute irakurgai. Nahiz eta oraindik ez dituzten tokiak zehaztu, aurreratu dute "leku publikoetan eta emakumeak ibiltzen diren tokietan" izango direla eskuragarri aldizkariaren paperezko aleak. 

Ekarpenak jasotzeko prest

Proiektuaren sortzaileek herritarren ekarpenak jaso nahi dituzte, eta horretarako bideak irekiko dituzte. Proposamen edo ideiaren bat duten herritarrek, beren ideien berri emateko bi bide izango dituzte: etxokoinfo@gmail.com helbidera idatz ditzakete beren ekarpenak edo Emakumeen Txokora bertaratu daiteke. 

Zirrikitotik ahalik eta gehien zabaltzea nahi dutenez, aldizkari digitala atera bezain pronto beren posta elektronikoan jaso nahi duten herritarrei horretarako aukera emango diote. Beraz, fanzinea hilero jaso nahi dutenek Emakumeen Txokoan jakinarazi behar dute beren helbide elektronikoa.

Dagoeneko irakurgai dago aldizkariaren lehen zenbakia. Aurreneko zenbakian, Salda Badago topaketen, Irauli Zaintza plataformaren eta Egin Dezagun Topa jardunaldien inguruan idatzi dute, besteak beste.