Asteburuan bukatuko da aurtengo lurrun trenen ohiko zerbitzua Burdinbidearen Euskal Museoan

Uztarria.eus 2019ko urr. 30a, 12:36

Ostiraleko jaiegunarekin, hiru egunez ibiliko dira trenak museoa eta Lasao bitartean. Guztira, lau irteera egingo dituzte: ostiralean eta igandean bana, eta zapatuan bi.

Ohikoa duenez, Burdinbidearen Euskal Museoak Santu Guztien egunaren jai zubiarekin batera agurtuko du aurten ere lurrun trenaren ohiko zerbitzuen egutegia. Horrela, datorren ostiraletik igandera ibiliko dira ohiko zerbitzuaren barruko trenak museoa eta Lasao lotzen dituen ibilbidean.

Guztira, lurrun trenaren lau irteera prestatu dituzte datorren asteburu luzerako. Ostiralean eta igandean irteera bana egingo du trenak, eta bi egunetan 12:30ean aterako da museotik; zapatuan, berriz, bi irteera egingo ditu, lehendabizikoa 12:30ean eta bigarrena 18:00etan.