Pepe Gil argazkilariaren artxiboko perlak, erakusgai

Uztarria.eus 2019ko urr. 28a, 19:49

Azpeitiko Argazki Elkarteak (AAE) 35 urte bete ditu aurten, eta urtemuga ospatzeko taldeko kideek Argazki Astea antolatu dute. Hori dela eta, gaurtik hasi eta azaroaren 10era bitartean argazkilaritzari lotutako askotariko ekintzak eta erakusketak izango dira herriko hainbat txokotan. Pepe Gil argazkilari azpeitiarraren artxiboko irudiekin osatutako bi erakusketek ireki dute gaur, astelehena, Argazki Asterako prestatutako egitaraua.

Argazki elkarteko kideek Sanagustin kulturguneko hormetan nahiz Foru Ibilbideko erakusketa aretoan zintzilikatu dituzte Pepe Gilen artxiboko irudi zaharrak, eta bertan izango dira ikusgai azaroaren 10era arte. Erakusketek ikusmira sortu dute, eta herritar ugari bertaratu da Sanagustinera nahiz Foru Ibilbideko erakusketa aretora Azpeitiko argazki zaharrak ikustera. Herriko eraikin zaharrak, protestak, festa giroko irudiak eta kultur nahiz kirol taldeak ikus daitezke, besteak beste, Azpeitiko argazkilariaren artxiboko irudietan. 

Pepe Gilen irudiekin osatutako erakusketak ez dira, ordea, argazkilari azpeitiarraren omenez prestatutako ekintza bakarrak; izan ere, Gilek bere ibilbidean zehar ateratako 550 argazki inguru jasotzen dituen liburu bat kaleratuko du argazki elkarteak. Larunbatean aurkeztuko dute liburua Pepe Gilen omenez egingo duten aitortza ekitaldian. Omenaldia Sanagustin kulturgunean izango da, 12:30ean hasita.