Onintza Irureta: "Egoitzetako langileek sektorea gutxietsita dagoela sentitu dute"

Uztarria.eus 2019ko urr. 29a, 17:31
Onintza Irureta 'Berdea da more berria' liburua eskuetan duela. (Dani Blanco/Argia)

Borroka feministak eta langile borrokak bat egin zuten Bizkaiko adinekoen egoitzetako langileek 2016an hasitako greban. Berdea da more berria liburuan jaso du gertatutakoa Onintza Irureta Argiako kazetariak, eta hark eta Gipuzkoako egoitza bateko langile Olatz Isasmendi azpeitiarrak solasaldia eskainiko dute bihar, asteazkena, Emakumeen Txokoan. 18:30ean hasiko da hitzaldia. Joan zen martxoan Julene Frantzesenak kazetariak Iruretari Urola Kostako Hitzarako egindako elkarrizketa da honako hau.

Onintza Irureta (Zestoa, 1974) kazetariak Berdea da more berria liburua kaleratu zuen duela hilabete batzuk, Bizkaiko adinekoen egoitzetako langileen greban oinarrituta. Langile borroka ez ezik, borroka feminista ere izan zen behargin haiek aurrera eraman zutena. Gatazkaren lau ezaugarri nabarmendu ditu Iruretak: emakumea, prekarietatea, zaintza eta ahalduntzea.

Nondik sortu zitzaizuen liburua egiteko ideia?

ELA sindikatuaren Manu Robles Arangiz institutuaren proposamena izan zen. Argiako atea jo zuten, proposamen zehatza eginez: "Greba bukatuta dago, eta greba luze eta garrantzitsu horren ezaugarriak eta ondorioak idatzita jaso nahi ditugu". Argiak niri proposatu zidan lana egitea, eta baiezkoa eman nuen. Elkarlanean kaleratu dugu liburua.

Zer moduzkoa izan da liburua osatzeko prozesua?

Bi atal oso nabarmen izan ditu, eta halaxe islatu da liburuan. Bizkaiko sektore jakin bat dago oinarrian: zaharren egoitzak. Lanean hasi nintzenean, 80ko hamarkadara egin nuen jauzi, orduan hasi zelako ELA sindikatua sektore hori indartzen eta lantzen. Grebak zer esan nahi zuen azaltzeko, oso garrantzitsua zen kronologikoki atzera egitea eta nik ulertzea ordutik 2016ra arte zer garapen izan zuen sektoreak. Bestalde, 2016ko greban parte hartu zuten zortzi emakume elkarrizketatu nituen. Hasierako lana izan zen niretzat zailena, asko ikasi eta testuinguruan kokatu behar nuelako. Ondoren iritsi zen oparia: zortzi emakume horiek elkarrizketatzea.

Zer jaso duzu emakume horiengandik?

Esperientzia oso indartsua izan da. Zortzi grebalari elkarrizketatu nituen: batzuk eskarmentu handikoak ziren, lan gatazkekin ohituta zeuden eta borroka feministetan zailduta; besteak, berriz, kontzientzia feminista aldetik oso ahul zeuden, eta langile borrokan ez zuten esperientziarik, gazteak zirelako edo lana galtzeko beldurragatik. Grebarekin indartu egin dira horiek. Opari bat izan da lan hau egitea niretzat.

Non dago zahar egoitzetako borrokaren jatorria?

Sinpleki azalduta, emakumeak direlako atera zen greba hura irten zen bezala. Askotan ez dugu irudikatzen sektore horretako ia-ia langile guztiak emakumeak direla, horrek dituen ondorio guztiekin. Izan ere, sektorea emakumez osatutakoa denean, berezkoa du prekarietatea; lan baldintza kaskarrak, alegia. Beste elementu bat ere aipatu behar da: sektore horretako emakumeek zaintza lanak egiten dituzte, batez ere adineko jendea zaintzen dute, baina baita egoera zahurgarrian dauden pertsonak ere. Beti bigarren mailan utzi da zaintzaren sektorea, historikoki ere hala izan da. Lehen, zaintza lanak ez zitzaizkion ordaintzen emakumeari, eta berak egiten zituen “berak egin behar zituelako”. Gaur egun, ordaindu egiten dira, baina beti baina batekin. Izan ere, ordaintzen dira, baina zaintzailearena ez da hartzen lanpostu duin bat bailitzan. Elementu horiek denak bazeuden, langileek bazekiten zer sektoretan ari ziren lanean, eta aukera asko zituzten greba hasteko. Greba hainbeste luzatzearen kontuarekin beste osagai batzuk sartzen dira, hala nola beharginek indar handia zutela. Langileek esaten zuten gizonen lan gatazka izan balitz, lehenago konponduko zela.

Langile borroka eta borroka feminista, biak uztartu zituzten greban. Hortik al dator liburuaren izenburua?

Sektoreak eta langileek, oro har, badakite zergatik dauden dauden egoeran. Beste gauza bat da egoera gizarteratzea lortzea, eta horretan, oso berde gaude. Izan ere, ohituta gaude gizon langileen borrokak eta lan gatazkak kalean ikustera, baina lan gatazka bat tarteko emakumeak kalera ateratzen direnean, kostatu egiten zaigu lotura egitea. Hori guztia sexismoaren, matxismoaren eta heteropatriarkatuaren ondorioa da; oso sustrai sakonak ditu. Ez gara ohitu emakumeak kalean ikustera, argazki hori ez daukagu, eta langile hauentzako zaila zen borroka feminista zela gizarteratzea. Berezitasuna izan da, lortu dutela: jendea konturatu da langile borroka eta borroka feminista batera zihoazela.

Zaintza dago, beste behin, arazoaren erdigunean.

Ez da kasualitatea, lan asko dago oraindik egiteko. Elkarrizketatu ditudan langileek esaten zuten beti sentitu dutela sektorea gutxietsita dagoela. Egiten duten lana baliogabea balitz bezala hartzen da, eta langileek aldarrikatzen dutena da gure bizitzaren erdigunean jartzeko gauza bat dela zaintza. Izan ere, denok izango dugu, lehenago edo beranduago, zainduak izateko beharra. Zaintza denon kontua izanik, nola da posible hain balio gutxi ematea? Horrek ondorioak ditu lan baldintzetan eta abarretan, langile horiek egiten dutena ez delako lan garrantzitsutzat hartzen. Hori dela eta, lan baldintzak aldarrikatzeaz gain, gizarteari galdetu zioten ohartzen al zen beraiek egiten duten lanaz.

Greba horrek oinarriak jarri al ditu emakumeak ahalduntzeko bidean?

Grebalariek ahalduntze indibidual eta kolektibo oso indartsua izan dela diote. Markatu du zera bat beraien etxean. Kasu honetan ELAn afiliatutako emakumeak dira, baina ia 2.000 lagunez ari gara hizketan. Grebak 378 egun iraun zituen –sakabanatuta egin zuten, eta guztira, ia bi urte pasatu zituzten borrokan–. Sindikatuan lidergoa eman dutenak emakumeak izan dira, eta negoziazio mahaietan izan diren ordezkari sindikalak ere bai. Hori argi gelditu da. Beste gauza bat da horrek isla izango al duen gerora, eta beste borroka batzuetan izango ote den eredu ala adibide. Zer ondorio utziko ditu greba horrek beste borroketarako? Eta sindikatuetan? Sindikatuek ohartu behar dute gero eta emakume gehiago dituztela afiliatuta, eta horiek gatazkak dituztela eta kalera atera nahi dutela. Honako hau da nire galdera: eredu izango al da eta hortik lekzioak aterako al ditugu emakumeok, gizarteak, sindikatuek? Baietz espero dut, itxura badauka.