Aurrera doaz Gipuzkoako Bakarkako Xake Txapelketak

Uztarria.eus 2019ko urr. 28a, 09:02

Urriaren 19az geroztik, Azpeitian ari dira jokatzen Maila Goreneko eta Lehen Mailako Gipuzkoako Bakarkako Xake Txapelketak nahiz Eskualdeko Bigarren eta Hirugarren mailetako txapelketak. Urriaren 19an ekin zioten sariketei, eta joan den zapatuan, urriaren 26an, jokatu zituzten txapelketen bigarren jardunaldiak. Absolutuen mailan, Aitor Priya azpeitiarrak galdu egin zuen Alejandro Franco faboritoaren aurka. Eskualdeko bigarren mailan aritu ziren Azpeitiko Cesar Cristian Cretu, Eneko Alberdi eta Jose Andres Perez, eta hirurek irabazi egin zituzten beren partidak. Miguel Angel Gomezek, aldiz, atsedena izan zuen. Eskualdeko hirugarren mailan, Julen Uranga, Aitor Elustondo  eta Juan Carlos Fernandez lehiatu ziren. Urangak eta Elustondok garaipena lortu zuten, baina Juan Carlos Fernandezek ezin izan zuen partida irabazi. Aner Alonsok atsedena izan zuen, beren mailan jokalari kopurua bakoitia delako. 

Datorren larunbatean, azaroaren 2an, jarraituko du xakearen festak Azpeitian. Egun horretan Maila Goreneko xakelariek bakarrik jokatuko dute Gipuzkoako Bakarkako Txapelketaren barruko jardunadia. Aitor Priya Jon Arana eibartarraren aurka arituko da. 
 
(Argazkiak: Iñaki Uranga)