Barrenetxea IV.ak eta Aldabek irabazi dute Azpeitiko XX. Erremonte Txapelketa

Uztarria.eus 2019ko urr. 26a, 12:04
Barrenetxea IV.a eta Aldabe txapelarekin eta garaikurrarekin.

Atzo, ostirala, jokatu zuten Azpeitiko XX. Erremonte Txapelketaren finala Izarraitz pilotalekuan. Lehia estuaren ostean, Barrenetxea IV.ak eta Aldabek 40-39 irabazi zioten Goikoetxea V.ari eta Ioni.

Dozenaka herritar joan ziren atzo, ostirala, Izarraitz pilotalekura, Azpeitiko XX. Erremonte Txapelketaren finala jokatu baitzen bertan, 19:30ean hasita. Batetik, Goikoetxea V.a eta Ion, eta bestetik, Barrenetxea IV.a eta Aldabe nor baino nor gehiago aritu ziren kantxan. Ordubete inguru iraun zuen partidak, eta lehia estua izan zen bi bikoteen artekoa. Azkenean, puntu baten aldearekin nagusitu ziren Barrenetxea IV.a eta Aldabe; 40-39 irabazi zioten aurkariei.

Bi bikoteak ondo ibili dira txapelketan zehar. Goikoetxea V.ak eta Ionek finalaren aurretik jokatutako bi partidetatik biak irabazi zituzten. Barrenetxea IV.aren eta Aldaberen kasuan, jokatutako bi partidetatik bat irabazi dute; lehenengo norgehiagoka, gainera, Aldabek eta Endikak jokatu zuten. Endikak, ordea, min hartu zuen, eta haren ordez, Barrenetxea IV.a izan da Aldaberen bikotea azkenengo norgehiagokan eta finalean.

Urriaren 4tik sei bikote lehiatu dira Azpeitiko XX. Erremonte Txapelketan, bi taldetan banatuta. Jaialdi guztiak ostiralez jokatu dira Izarraitz pilotalekuan, 18:30ean hasita.

Erremontea ezagutzeko, ate irekiak

Azpeitia erremontearekin lelopean antolatzen dute Azpeitiko Erremonte Txapelketa Azpeitiko Udalak eta Oriamendi 2010 enpresak; izan ere, erremontea hauspotzea dute helburu bi erakundeek. Hori dela eta, aurten, berrikuntza bezala, ate irekiak egin dituzte interesa duten herritarrek erremontea "barrutik" ezagutu dezaten. Atzo, ostirala, horretarako aukera izan zuten hainbat herritarrek.