"Arrakasta" duten edariak eta bertako jakiak dastatzeko aukera izango da XIV. Libre Ardo Dastaketa Egunean

Uztarria.eus 2019ko urr. 25a, 20:13

Hamasei upategitako edariak dastatzeko aukera izango da azaroaren 2an, 11:30etik 14:30era bitartean, plazan. Euskal Herriko VII. Txorizo Egosi Lehiaketa ere egingo dute egun horretan. Aurten, 27 harakinek eman dute izena txapelketan, gehienak Gipuzkoakoak. Kopa bat eta lau ardo hartzeko txartelak jarriko dituzte salgai, bost eurotan. Aurten, gainera, eskuragarri izango dira kopak erosteko txartelak, euro batean.

Dagoeneko dena prest dute azaroaren 2an ospatuko den XIV. Libre Ardo Dastaketa Egunerako. Beste urteetan bezala, aurten ere ez da edatekorik eta jatekorik faltako festak irauten duen bitartean. Dastaketa 11:30ean hasiko da, eta 14:30era bitartean jatorri ezberdineko hamasei upategitako edariak dastatzeko aukera izango da Azpeitiko plazan. Ardo Dastaketa Eguneko antolatzaileetako bat da Zigor Odriozola, eta hark azaldu duenez, Ardo Egunerako Azpeitia inguruan "arrakasta" duten eta "modan" dauden edariak aukeratzen saiatu dira. Libre dinamikako kideak arduratuko dira postuetan ardoa ateratzeaz.

Kopa bat eta lau ardo hartzeko txartelak bost eurotan jarriko dituzte salgai. Aurten, gainera, ardo kopak erosteko aukera izango da, euro bat ordainduta. 

Edariei laguntzeko, inguruko gaztagileen pintxoak nahiz txorizo egosi pintxoak dastatzeko parada izango da, baita errioxar erara prestatutako patatak jateko aukera ere. Txorizo eta gazta pintxoak euro batean egongo dira salgai, eta errioxar erara prestatutako patatak bi eurotan. Urtero bezala, Gaixo eta Elbarrien Aisialdi Elkarteko kideak arduratuko dira herritarrei pintxoak zerbitzatzeaz. Horientzat izango da pintxoak saltzeagatik irabazitako dirua. Gaixo eta Elbarrien Aisialdi Elkarteak hainbat irteera antolatzen ditu urtero, eta ekintza horiek antolatzeko erabiltzen dute pintxoei esker lortutako dirua. 

27 harakin, lehian

Libre Ardo Egunarekin batera iristen den hitzordua da Euskal Herriko Txorizo Egosi Txapelketa. Aurtengoa sariketaren zazpigarren edizioa da, eta Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako 27 harakinek parte hartuko dute lehiaketan. Parte-hartzaile gehienak gipuzkoarrak direla aurreratu dute antolatzaileek. Ainhoa Maiztegi Gipuzkoako Harakinen Elkarteko kideak azaldu duenez, beren erronka da hurrengo urtean beste lurraldeetako harakinak ere txapelketara animatzea. Era berean, Euskal Herriko Txorizo Lehiaketaren garrantzia nabarmendu nahi izan du Maiztegik: "Horrelako txapelketak oso garrantzitsuak dira bertako harakinentzat; izan ere, beren produktuak ezagutarazteko aukera eskaintzen dute eta horrek eragin nabarmendu du salmentetan".

Txorizorik onena aukeratzerako garaian, epaimahaikideek honako ezaugarri hauek hartuko dituzte kontuan, besteak beste: zabalera, pikatua eta piper-hautsa. Zaporea eta egosi ondorengo txorizoaren kolorea eta itxurari ere erreparatuko diete epai-mahaia osatuko duten lagunek. Aurten, Beatriz Larrañagak, Jesus Mari Debak, Mikel Uriak eta Manuel Oruesagastik osatuko dute Euskal Herriko Txorizo Txapelketako epaimahaia.

Lehiaketan parte hartzen duten aurreneko hiru sailkatuak sarituko dituzte. Lehenak, txapela eta Mikel Sanjuan tailugileak egindako garaikurra eskuratuko ditu. Bigarrenak eta hirugarren, berriz, Udalaren garaikurra jasoko dute, eta txapelketara aurkezten diren harategi guztiek diploma bana emango diete. 

Iaz Legazpiko Javier Vadillo harakinak irabazi duen Euskal Herriko Txorizo Egosi Txapelketa. Bigarren sailkatu zen Orioko Kepa harategia eta hirugarren Altsasuko Aldasoro harategia. Iazko hiru saridunen txorizoak erosteko aukera izango da aurtengo Ardo Egunean.

Hona hemen XIV. Libre Ardo Dastaketa Egunean izango diren ardoak:  

Errioxa
 
Eguren Ugarte (ondua)
 
Lan D-12 (ondua)
 
Lan (ondua)
 
Rioja Vega E.I. (ondua, tempranillo)
 
Zinio (ondua)
 
Zinio (zuria)
 
Ijalba Cuvee (ekologikoa)
 
Ijalba Genoli (zuria)
 
Viña Real (ondua)
 
Tobelos (ondua)
 
Tobelos (zuria)
 
Viña Salceda (ondua)
 
Ostatu 
 
Cerro Añon
 
Pierola
 
Solaguen
 
 
Nafarroa
 
Inurrieta Orchidea (sauvignon blanc)
 
Inurrieta Cuatrocientos (ondua)
 
Albret Chardonnay (chardonnay) 
 
 
Rueda
 
Hermanos Llurton (verdejo)
 
 
Vinho Verde
 
Quinta do Barco
 
 
Valdeorras
 
Maruxa Godello