Eskalada tailerra antolatu du Gaztetxeak, Euskal Presoak Euskal Harrietara boulder txapelketaren atarian

Uztarria.eus 2019ko urr. 25a, 19:13
2017ko Euskal Presoak Euskal Harrietara boulder txapelketako irudia. (Kontu Lepo)

Urriaren 30ean eta azaroaren 6an izango dira saioak, 16:00etatik 18:00etara. Nahi duen orok har dezake parte, eta ez da aurrez izena eman beharrik izango. Gaztetxeko kideek azaldu dutenez, ikastaroaren helburua da herritarrak Euskal Presoak Euskal Harrietara boulder txapelketan parte hartzera animatzea. 

Duela astebete jakinarazi zuen Azpeitiko Gaztetxeak Euskal Presoak Euskal Harrietara boulder txapelketa herrikoiaren data. Aurtengoan azaroaren 9an izango da Sokaitz eskalada taldeak eta Azpeitiko Gaztetxeak elkarlanean antolatu ohi duten boulder txapelketa, eta horren atarian, eskalada tailerra antolatu dute Gaztetxeko kideek. Azaldu dutenez, "motorrak berotzeko" eta herritarrak txapelketara animatzeko antolatu dute ikastaroa. 

Guztira bi orduko bi saio eskainiko dituzte, asteazkenetan. Aurreneko saioa urriaren 30ean izango da eta bigarrengoa azaroaren 6an. Bi egun horietan 16:00etatik 18:00etara eskainiko dute tailerra, gaztetxeko boulderrean. Gazte asanbladako kideek azaldu dutenez, Gaztetxeak jarriko du ikastarorako behar den materiala. "Tailerrean parte hartzeko nahikoa da ikasteko eta ondo pasatzeko gogoa izatea. Hortaz aparte ez da ezer behar", diote. Horrez gain, azpimarratu dute ikastaroa adin guztietako herritarrei zuzenduta dagoela. Eskalada ikastaroan parte hartu nahi dutenek ez dute aurrez izena eman beharrik izango. Beraz, interesa dutenek egun horietan gaztetxera joan besterik ez dute egin behar.