Mikel Larrañaga: "Txapela irabazteak aurtengo urtea borobilduko luke"

'Berria' 2019ko urr. 25a, 18:41

Mikel Larrañagak (Azpeitia, Gipuzkoa, 1989) ilusioz begiratzen dio igande eguerdian Gasteizko Iradier Arena pabiloian jokatuko duten Euskal Herriko Aizkolari Txapelketako finalari. Lehen hiruren artean sartutakoa da lehendik ere, baina emaitza onak eskuratu ditu aurten, eta badaki "gauzak ondo eginez gero" irabazteko lehian egon litekeela. Hala ere, argi du Iker Vicente dela txapela janzteko hautagai nagusia. Berria egunkariak elkarrizketa egin dio azpeitiarrari.

Hiru egun eskas falta dira igandeko finala iristeko. Nola heltzen diozu?

Azken egunetara iritsi gara, eta, dagoeneko, ez dugu zertan askorik hobetua. Lehen egindakoari eustean, final txukun bat egiten saiatzean jarri behar dugu pentsamendua.

Zer asmo dituzu finalaren aurreko egunetarako?

Azken egunetan, lasai egotea, egurren bat edo beste ebakitzea, eta gorputzak orain arte bezala segi dezala. Horiek dira egin beharrekoak.

Osasunez ondo iristen al zara?

Bai. Nahiko gustura. Baita aizkoran ere; ondo nagoela esango nuke.

Azkenaldiko emaitzak ere lagun dituzu. Urrezko Aizkolarien Txapeldunen Liga irabazi zenuen hilaren 12an.

Bai. Azken finean, horrek aurrealdean ibiltzeko motibazioa gehitzen du, eta bada laguntza pixka bat.

Iker Vicenterekin batera lehen postuetan aritzeko hautagai zara. Iritzi horrekin bat egiten duzu?

Azken hilabeteetan egindakoa eta finalerako kanporaketan gertatu zena ikusita, biek antzera aritu beharko genuke, eta normala iruditzen zait biok hautagaitzat jotzea. Halere, niri horrek ez dit inolako kargarik gehitzen.

Behin hor egonda, ordea, irabazi nahiko duzu.

Ez da erraza izango, baina, behin finalean egonda, nahi nuke lehia pixka bat sortu eta, ahal baldin bada, irabazi.

Elkarrizketa osoa, Berria.eus-en irakur daiteke.