Markel Olano diputatu nagusiak Astigarra Kit Line bisitatu du, Egurraren Astearen barruan

Uztarria.eus 2019ko urr. 25a, 17:04

Astigarraga Kit Line enpresara bisita egin dute gaur goizean Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Imanol Lasa Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako diputatuak, Baskegurren Egurraren V. Astearen barruan industriari eskainitako jardunaldian parte hartuz. Baskegur Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egurraren elkartea da. Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariez gain, bisitan parte hartu dute Federico Saiz Baskegurreko presidenteak, Oskar Azkarate elkarteko zuzendariak eta Fernando Otazua Gipuzkoako Basogileen Elkarteko zuzendariak. Olanok adierazi du, Astigarraga Kit Line enpresaren bisitan zuraren eraldaketa prozesua "oso-osorik" ezagutzeko aukera izan dutela, enborra zerrategian sartzen denetik, produktua bukatuta ateratzen denera arteko ekoizpen prozesua, hain zuzen ere. Horrez gain, enpresa horren lana azpimarratu du diputatu nagusiak, "gipuzkoar enpresa ereduaren erakusle gisa, bertako egurra erabilita eta etengabeko berrikuntza oinarri hartuta, kalitatezko produktuak munduan zehar esportatzen ditu".

Egurraren sektoreak "berebiziko" garrantzia du Gipuzkoan, Olanok azaldu duenez: "Lurraldearen %62 basoz estalia dago eta sektoreak 6.000 lanpostu baino gehiago sortzen ditu, zuzenean edo zeharka". Sektoreak osotasunean dauzkan erronkei erantzuteko elkarlanean ari direla adierazi du: "Egurraren alde egitea, egurrari lotutako bio-ekonomia sustatzea, etorkizunaren alde egitea delako".

Joanes Murua Astigarraga Kit Line enpresako kudeatzaileak eskerrak eman dizkie erakundeetako ordezkariei beren enpresa bisitatzeagatik, eta azpimarratu du lanean ari direla sektoreak bizi duen egoera zailari aurre egiteko eta erronka berriei heltzeko.