Herritar ugari, Esklabak-Iturtzulo eremuko bigarren faseari buruzko bileran

Uztarria.eus | Hirigintza
2019ko urr. 25a, 13:29

Atzo, asteartea, Esklabak-Iturtzulo eremuan egingo dituzten etxebizitzen gaineko bilera egin zuen Udalak Basazabal jauregian, eta herritar ugari joan zen hara, udal ordezkarien azalpenak entzutera eta zalantzak argitzera. Udalak duela bi aste zabaldu zuen Esklabak-Iturtzulo eremuan egingo dituen babestutako etxebizitzen eta udal sustapeneko etxebizitzen bigarren faseko zozketan izena emateko epea, eta atzokoan hainbat zehaztasun eman zizkieten Nagore Alkorta alkateak, Josu Labaka zinegotziak eta Iñaki Zabaleta Azpeitia Berritzeneko teknikariak herritarrei.

Udalak dagoeneko saldu ditu lehen faseko etxebizitza guztiak, eta horregatik jarri dute martxan bigarrena. "Lehen faseko etxebizitza guztiak saldu eta itxaron zerrendan herritar ugari gelditu direla ikusita, bigarren faseko izen ematea jarri dugu martxan", azaldu du Alkortak. Bigarren fasean, hain zuzen, 67 etxebizitza eraikiko dituzte: 39 babes ofizialekoak eta 28 udal sustapenekoak. Zozketarako izena emateko beharrezkoa den dokumentazioa udaletxeko sarreran aurkeztu beharko dute herritarren abenduaren 2a baino lehen.

Etxebizitzen edo baldintzen inguruan zalantzaren bat dutenek edo izena emateko betebeharreko dokumentazioarekin laguntza behar dutenek udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzura edo Azpeitia Berritzenera jo behar dute (Sindikatu Zaharreko 2. solairua). Telefonoz edo e-posta bidez ere jar daitezke herritarrak Iraurgi Berritzenekin harremanetan: 943-15 71 83 zenbakira deituta edota azpeitiaberritzen@azpeitia.eus helbidera mezua idatzita. Horrez gain, azaroaren 11n etxebizitzen bigarren fasearen gaineko informazio bulegoa zabalduko du Udalak Foru Ibilbideko erakusketa aretoan.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu