"Klase batasuna, autodeterminazioa eta estatu sozialista" aldarrikatu dituzte dozenaka lagunek Herrialde Katalanentzat

Uztarria.eus 2019ko urr. 25a, 11:55

Azken asteotan Katalunian izatendako "oldarraldi errepresiboa" salatzeko, elkarretaratzea egin zuten atzo, osteguna, dozenaka lagunek Azpeitiko plazan, Urolako Ikasle Abertzaleakek, Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eta Azpeitiko Gaztetxeak deituta. Errepresioaren aurrean langile batasuna lelopean egin zuten elkarretaratzea, eta "klase batasuna, autodeterminazioa eta estatu sozialista" aldarrikatu zituzten Herrialde Katalanentzat. 

"Azken asteko gertaerek erakusten dute politikari katalanen aurkako sententziak Kataluniako gizarte zibilean inflexio puntu bat suposatu duela; eta azken urteotan batasun forman eman diren mobilizazio eta adierazpen desberdinak hautsi egin direla", adierazi zuten. Era berean, IAko, GKSko eta Azpeitiko Gaztetxeako kideek azpimarratu zuten nazioen autodeterminazio eskubidea defendatzen dutela: "Hemen elkartu garen eragileok autodeterminazio eskubidea defendatzen dugu, jakin badakigu, ordea, auzi nazionala ezingo dugula gainditutzat eman estatu burgesaren baitan ematen den bitartean. Nazio eraikuntza guretzat estatu sozialistaren eraikuntzatik pasatzen da. Beraz, Euskal Herriak behar duen moduan, Herrialde Katalanentzat ere estatu sozialista propioaren beharrezkotasunean gaude".