Irailera arte 26 egunetan gainditu da Azpeitian OMEk aholkatutako gehienezko kutsadura

'Berria' 2019ko urr. 24a, 12:28
Urtean zenbat egunetan gainditu den OMEk ezarritako muga. (Berria)

Ecologistas en Accion taldeak ikerketa bat egin du ozono troposferikoko kutsaduraren inguruan. Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako hainbat lekutan pasatu egin dute OMEk aholkaturiko gehienezko maila. Urtarriletik irailerako datuen arabera, OMEk ezarritako maila gainditu du Azpeitiak, gutxigatik bada ere.

Ecologistas en Accion taldeak ikerketa bat egin du airearen kutsaduraren inguruan, eta ohartarazi du Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako herritarren %72k aire kutsatua arnasten dutela: lau lagunetik hiruk. Ecologistas en Accion taldeak urtero egin ohi du gisa bereko azterketa bat. Zera ikertzen dute: ozono troposferikoko kutsaduraren ondorioz zenbat herritarrek arnasten duten aire kutsatua.

Urtarriletik irailera arte jasotako datuak dira ikerketaren oinarria, eta ondorioztatu dute Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) ezarritako maila gainditu egin dela Hegoaldeko leku gehienetan, airea aztertzeko gailuak aintzat hartuta. 25 egunekoa da OMEk ezarritako maila, eta Azpeitia muga-mugan, baina maila horren gainetik dago; irailera arte 26 egunetan gainditu da Azpeitian OMEk aholkatutako gehienezko kutsadura.

Azterketak dioenez, aurreko urteetako datuekin alderatuta, batez ere, Ebro ibaiaren inguruko kutsadura da nabarmentzekoa; esaterako, Tuterakoa (Nafarroa) eta Gaubeakoa (Araba) –Tuteran 117 egunetan gainditu dute OMEk aholkatutako gehienezko kutsadura, eta 135 egunetan Gaubean–. Taldearen arabera, eguraldiak zerikusia izan du horrekin: bero handiagoa egin du Ebro inguruan, eta kutsadura areagotzea dakar horrek. Bilbo-Barakaldon eta Iruñerrian ez dute nabaritu kezkatzeko moduko kutsadurarik.

Honako erreportaje honetan irakur daiteke Berria egunkarian gaiari lotuta egin duten erreportajea osorik.