Esklabak-Iturtzulo eremuko babestutako etxebizitzen bigarren fasearen inguruko bilera egingo dute bihar

Uztarria.eus 2019ko urr. 23a, 12:19

Esklabak-Iturtzulo eremuan bigarren fasean egingo dituzten babestutako etxebizitzen inguruko bilera egingo dute bihar, osteguna, 19:00etan, Basazabalen. Bigarren fase horren inguruko informazioa (baldintzak, izen-ematea, etxeen planoak...) emango dute biharko bileran.

Etxebizitza eskaintza berriaren inguruko informazioa emateko bilera irekia egingo du Azpeitiko Udalak bihar, urriak 24, 19:00etan hasita, Basazabalen. Bilera laburra izango dela aurreikusten du udalak: azalpenak labur eta zehatz emango dituzte, eta ondoren, galderentzako tartea izango da.

Herrian dagoen etxebizitza premia neurtu du udalak, eta horri erantzuna eman nahian, babestutako etxebizitzak egingo ditu. Lehen faseko etxebizitza guztiak salduta daude eta, orain, bigarren faseko izen-ematea zabaldu dute. Bigarren fasean 67 etxebizitza eraikiko dituzte; 39 babes ofizialeko eta 28 udal sustapeneko. Bigarren fase horren inguruko informazioa (baldintzak, izen-ematea, etxeen planoak...) eskainiko dute biharko bileran.

Informazio gehiago

Etxebizitzen edo baldintzen inguruan zalantzaren bat dutenek edo izena emateko bete beharreko dokumentazioarekin laguntzaren bat behar dutenek Azpeitia Berritzenera jo behar dute (Sindikatu Zaharreko 2. solairuan). Telefonoz edo e-posta bidez ere jar daitezke herritarrak haiekin harremanetan: 943 15 71 83 telefonora deituta edo azpeitiaberritzen@azpeitia.eus helbidera idatzita.

Izen emateko dokumentazioa udaletxeko sarreran aurkeztu behar da, abenduaren 2a baino lehen.