'Gizonezkoak, pornografia eta prostituzioa' hitzaldia izango da bihar Sanagustin kulturgunean

Uztarria.eus | Gizartea
2019ko urr. 22a, 18:16

Peter Szilek eskainiko du hitzaldia, 18:30ean hasita. Gipuzkoako Jabetze Eskolen sareak antolatutako Eztabaida feministak: prostituzioa eta sexu-lana auzitan jardunaldien barruko solasaldia da biharkoa, eta hizlariak gaztelaniaz emango ditu azalpenak. 

Eztabaida feministak: prostituzioa eta sexu-lana auzitan izeneko jardunaldiak Azpeitira iritsiko dira bihar, asteazkena. Horren harira, Peter Szil hezitzaile, psikoterapeuta eta indarkeria patriarkalari buruzko gaietan aktibistak Gizonezkoak, pornografia eta prostituzioa hitzaldia eskainiko du Sanagustin kulturgunean, 18:30ean hasita. Gipuzkoako Jabetze Eskolen sareak antolatu ditu jardunaldiak, eta bertan parte hartzen du Azpeitako Jabetze Eskolak, Arrasateko, Eibarko, Hernaniko eta Urola Garaiko eskolekin batera. Jardunaldiaren helburua da ikuspegi feminista batetik prostituzioaren eta sexu-lanaren gainean hausnartzeko bideak irekitzea. "Mugimendu feminitak, historian zehar, jarrera hartze desberdinak izan ditu sexu-lanaren eta prostituzioaren gainean, eta hitzaldi hauetan iritzi horietako batzui ahotsa eman nahi diegu", diote antolatzaileek. Horretarako, gaiaren inguruko hainbat hitzaldi eskaini dituzte herriz herri, eta Azpeitian egingo dute geldialdia bihar.

Szilek gizonezkoek prostituzioan, emakumezkoen salerosketan eta pornografian duten egitekoari eta fenomeno horiek zeharkatzen dituen hariari buruz hitz egingo du Sanagustin kulturgunean. Haren aburuz, "gizonezkoen eskaera dago fenomeno horien oinarrian". Prostituzioaren eta pornografiaren lotura "erabatekoa" da Szilen iritziz. "Pornografiak prostituzioaren funtzio bera du: gizonezkoen nahiak asetzea. Pornografian irudikatzen den pertsona erosi daitekeen produktu bat da. Gainera, bera ez da protagonista, irudi horiekin masturbatzen den pertsona baizik", adierazi du Szilek jardunaldien harira Eta Kitto atariak egindako elkarrizketa batean. Prostituzioari dagokionez, abolizionismoaren aldekoa da Szil. "Zentzugabea da emakumeek beren gorputza saltzeko duten eskubideaz hitz egitea. Prostituzioa erregulatzen badugu, biolentzia-mota bat legitimatuko dugu. Eztabaida horretan ez da pertsonek prostituitzeko duten eskubidea ezbaian jartzen, gizonezkoek beste pertsona batzuen gorputza erosteko duten eskubideaz eta proxenetek horrekin negozioa egiteko duten eskubideaz baizik. Milioika pertsonen sufrimendua legalizatzea jartzen da auzian. Prostituten %10ak nahi duelako egiten du jarduera hori, baina mundu mailan milioika emakume biolentzia egoera latzetan behartuta prostituitzen dira; tartean ume asko".

Biharko hitzaldia gaztelaniaz izango da, eta gaian interesa duen ororentzat irekia.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu