Jokin Urangak Eibarren abestuko du bihar, Gipuzkoako Txapelketaren final-laurdenetako saioan

Uztarria.eus 2019ko urr. 25a, 11:39
Jokin Uranga.

Eibarko Coliseo antzokiko agertokian izango da bihar azpeitiarra, Felix Zubiarekin, Gorka Maizekin, Jon Maiarekin, Mikel Tapiarekin eta Unai Muñoarekin batera. Etzi, igandea, berriz, laugarren final-laurdena jokatuko dute Alaia Martinek, Amaia Iturriotzek, Iñaki Gurrutxagak, Iñigo Mantzizidorrek, Nerea Elustondok eta Oihana Iguaranek. Soreasu antzokian, 17:00etan hasita.

Joan zen asteburuan hasi ziren Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-laurdenak, eta Azpeitiko bertsozaleek bi hitzordu dituzte bihar eta etzi. Izan ere, bihar, larunbatarekin, Eibarren abestuko du Jokin Urangak, eta igandean Soreasu antzokian izango da final-laurdenetako laugarren saioa.

Urangak final zortzirenetan eskuratutako puntuei esker lortu zuen dagoeneko hasi den faserako txartela, eta bihar Eibarko Coliseo antzokiko agertokian izango da, Felix Zubiarekin, Gorka Maizekin, Jon Maiarekin, Mikel Tapiarekin eta Unai Muñoarekin batera. Saioa 17:00etan hasiko da.

Etzi, igandea, berriz, final-laurdenetako laugarren eta azken bigarren saioa izango da Soreasu antzokian, 17:00etatik aurrera –sarrerak salgai daude Interneten–. Saio horretan honako bertsolari hauek abestuko dute: Alaia Martin, Amaia Iturriotz, Iñaki Gurrutxaga, Iñigo Mantzizidor, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaran.

Aurreko bi finalerdietako moduan, saio horien irabazleak zuzenean pasatuko dira finalerdietara. Gainerakoek, berriz, puntuen arabera izango dute hurrengo fasera igarotzeko aukera. Hain zuzen ere, bost final-laurdenen irabazleak nahiz puntuen arabera lehen hamahiru postuetan sailkatzen diren bertsolariak izango dira finalerdietan.

Lizasoren aukerak

Gauzak horrela, eta joan zen igandeko saioko puntuazioak kontuan hartuta, Beñat Lizasok gainerako final-laurdenetako emaitzen zain egon beharko du txapelketan aurrera egingo al duen jakiteko. Izan ere, azpeitiarrak 455,5 puntu lortu zituen joan zen igandeko Irungo saioan, eta bigarren sailkatu bazen ere, sailkapen orokorreko bosgarren postuan da gaur-gaurkoz azpeitiarra –zuzenean sailkatutako bi bertsolariak kontuan hartu gabe–.

Sailkapen orokorreko lehen bi bertsolariak Andoaingo eta Irungo saioen irabazleak dira, eta abesteko falta diren hamazortzi bertsolarietatik beste hiru ere zuzenean sailkatuko dira finalerdietara. Beraz, saioetako irabazleak alde batera utzita, datozen hiru saioetan beste zortzi bertsolarik soilik lortu behar dituzte Lizasok baino puntu gehiago, azpeitiarra hurrengo fasera igaro dadin.