Bizikletak eta "bizitzan garrantzitsuak diren elementuak", Urolako trenaren ibilbideko tunel bateko horman

Uztarria.eus 2019ko urr. 22a, 13:07

Nomadak egitasmoaren barruan, murala margotu du Bartzelonan bizi den Bronik artista peruarrak, Garmendi auzunearen inguruan, Urolako trenaren ibilbideko tunel bateko horman. Lanak asteazkenean amaitzea aurreikusten bazuen ere, atzo amaitu zuen murala, eta dagoeneko ikusgai dago. Horma irudian bizikletaz doan pertsonaia bat irudikatu du aristak. Hark azaldu duenez, "pertsonaia horrek inguruan hainbat elementu ditu". Horrekin, "pertsonon bizitzan garrantzitsuak diren elementuak" sinbolizatu nahi izan ditu artista peruarrak. Joan zen astean Zumarragatik Azpeitira arteko bidea bizikletaz egin zuen, eta muralean bizikletan egindako bidaian izandako sentsazioak irudikatzen saiatu da. 

Kaleko artea eta Vasco Navarro trenaren ibilbidea lotzen ditu Nomadak proiektuak, eta joan zen astean aurkeztu zuten egitasmoa Dinamoa sormen gunean. Egonaldi artistikoak biltzen dituen proiektua da Nomadak, baina egonaldi horiek leku bakar batean egin beharrean, Euskal Herriko hainbat txokotan egingo dituzte. Hain zuzen ere, Bergara (Gipuzkoa) eta Lizarra (Nafarroa) lotzen zituen Vasco Navarro trenbidea igarotzen zen hainbat herritan lan egingo dute proiektuan parte hartuko duten zazpi artistek. Mundu osoko hainbat herrialdetatik bertaratuko dira artistak, eta beren arrastoak utziko dituzte Euskal Herriko hormetan, artelanen bidez.

Azpeitia izan da lehen geltokia. Orain, artearen trenera igota, bidaia luzea dute aurretik. Ibilbideak 41 egun iraungo ditu, eta azaroaren 21ean bukatuko da, Iruñean. Hainbat herritan utziko ditu arrastoak egitasmoak: Azpeitian, Bergaran, Arrasaten, Aretxabaletan, Eskoriatzan, Landan, Gasteizen, Maeztun, Kanpezun, Lizarran eta Iruñean. Bide horretan, sormen prozesuen emaitza izango diren artelanak garatuko dituzte proiektuaren parte diren zazpi artistek. Honako hauek dira artista horiek: Jens Besser, Bronik, Belen Robeda, Tomas Facio, Esteban Loeschbor, Yone Estivariz eta Elisa Battison. Haietako bakoitzak elementu ezberdinak erabiltzen ditu lanerako: pintura, spraya, akrilikoa, grabatua, argazkiak...

(Argazkia: Kulturaz kooperatiba)