Irudhitzen lehiaketaren IV. edizioa

Azaroaren 1ean itxiko da Irudhitzen lehiaketara argazkiak bidaltzeko epea

Uztarria.eus 2019ko urr. 21a, 19:34

'Mugimendua' da lehiaketaren laugarren edizioaren gaia. Horrenbestez, parte-hartzaileek mugimenduarekin lotura duten irudiak aurkeztu behar dituzte argazkien ataleko lehiaketara. Argazkiak bidaltzeko azken eguna azaroaren 1a izango da. Ondoren, irudi guztien artetik hamabi nabarmenduko ditu epaimahaiak, eta orduan zabalduko da irudiei hitzak jartzeko epea. Argazkien lehiaketako irabazleak 150 euroko saria jasoko du.

Martxan da argazkilaritza eta literatura lotzen dituen Irudhitzen lehiaketa. Irudiak eta hitzak elkartzen dituen egitasmoa da Irduhitzen, eta aurtengoa lehiaketaren laugarren edizioa da. Uztarria Komunikazio Taldeak jarri zuen martxan egitasmoa, Kulturaz kooperatibarekin elkarlanean, eta helburua da herritarrak euskarazko edukien sortzaile izatera animatzea eta argazkiekin eta testuekin jolastuz irudimena dantzan jartzea. Argazkien atala abian da, eta herritarrak hasi dira beren irudiak bidaltzen. Lehiaketara argazkiak aurkezteko azken eguna azaroaren 1a izango da.

Aurtengo ediziorako aukeratutako gaia Mugimendua da. Beraz, argazki lehiaketan parte hartu nahi duten herritarrek gai horrekin era batera edo bestera lotura duten irudiak aurkeztu beharko dituzte. Argazki lehiaketara irudiak bidaltzeko epea zabalik dago jada. 

Argazki lehiaketaren oinarriak 

  • Gaia: Mugimendua.
  • Zuri-beltzean nahiz koloretan ateratako argazkiak bidal daitezke.
  • Irudiek Azpeitian ateratakoak izan behar dute.
  • Lehiaketan parte hartzeko ez da ezinbestekoa azpeitiarra izatea.
  • Argazkiak horizontalak izatea eta JPG formatuan aurkeztea ezinbestekoa da.
  • Parte-hartzaile bakoitzak bost argazki aurkez ditzake gehienez.
  • Irudiak argazki kamerarekin edo mugikorrarekin ateratakoak izan daitezke, baina ahalik eta kalitate handiena izan behar dute. 
  • Argazkiak lehiaketakuztarria@gmail.com helbidera bidali beharko dira, azaroaren 1eko 21:00ak baino lehen. Egun eta ordu horretan itxiko da lehiaketan parte hartzeko epea.

Irudien lehiaketako epaimahaia argazkilaritzari eta zinemagintzari lotutako herritarrek osatuko dute, eta epaimahaikide izango dira Xanti Rodriguez, Nagore Iriarte eta Paola Moto.

Epaimahaiak lehiaketara aurkezten diren irudi guztietatik hamabi argazki nabarmenduko ditu, eta horietako bat izango da irabazlea. Argazkiaren egileak 150 euroko saria irabaziko du. Epaimahaiak aukeratutako hamabi argazki horiei jarri beharko zaizkie hitzak ondoren. 

Irudhitzen, urtez urte

I. Irudhitzen: Argazkien ataleko irabazlea: Maialen Etxaniz. Testuen ataleko irabazlea: Izaskun Egiguren.

II. Iruhitzen: Argazkien ataleko irabazlea: Alberto Beloki. Testuen ataleko irabazlea: Irati Aranguren. 

III. Irudhitzen: Argazkien ataleko irabazlea: Juan Joxe Agirre. Testuen ataleko irabazlea Maialen Etxaniz.