Familia berria abaro

Uztarria.eus 2019ko urr. 21a, 20:38
Barry, Igarataundi, Diallo, Etxeberria eta Diassy, baserriaren atarian. (Maialen Etxaniz)

Dagoeneko webgune honetan irakur daiteke 2019ko urriko Uztarria aldizkaria (PDF formatuan, hemen). Herri aldizkariaren 220. zenbaki horretan irakur daiteke Maialen Etxaniz kazetariak Sakona etxaldera iritsi diren bizilagun berriekin egin duen erreportaje luze hau.

Arrazoi ezberdinak tarteko, Afrikatik alde egiteko beharrak eta nahiak ekarri zituen Euskal Herrira Ibrahima Diallo (Ginea-Konakri, 1988),  Mamadou Barry (Ginea-Konakri, 1992) eta Ibrahime Diassy (Ginea-Konakri,1997). Beren herria eta familia atzean utzita, Espainian irudikatzen zuten beren bizitza berria, baina errefuxiatuen olatuak Euskal Herrira ekarri zituen, eta, ondoren, Azpeitira. Beren etxeko ateak ireki dizkiete Ioritz Igarataundik (Azpeitia, 1989) eta Aiora Etxeberriak (Aizarnabazal, 1991). Sakona etxaldean bizi dira duela urtebetetik, iraganeko motxila erantzi gabe, baina urrats berriak egiteko grinez.

Hiru pertsona, hiru istorio

Motibo politikoek bultzatu zuten Diallo bere lurraldetik alde egitera. "Afrikan politika eta ekonomia arazo ugari daude, eta hori nabarmena da egunerokoan. Ez dago demokraziarik. Agintean daudenek demokraziaren alde borrokatzen dutenen kontra egiten dute, eta ni horren biktima izan naiz. Gertutik ezagutu dut indar polizialen jazarpena eta presioa. Talde politiko bateko kidea nintzen, eta azken hauteskundeen bueltan greba orokorra deitu genuen, demokrazia eskatzeko. Agintean eta boterean zeudenek ez zuten hori onartu, eta mobilizazio haiek babestu zituztenen kontra jo zuten. Ni errepresio horren biktima izan nintzen. Kartzelara eraman ninduten, eta hilabete batzuk egin nituen preso. Hori dela eta, aitak erabaki zuen ni Afrikatik ateratzea, arriskuan nengoelako".

Gineatik alde egiteko erabakia hartuta, Marokon aste batzuk igaro zituen Diallok, handik Espainiara mugituko zen esperantzan. Eta horrela izan zen. Marokon hartu zuen Andaluziarako itsasontzia. Horrela gogoratzen du: "Gineatik atera aurretik, aitak hariak mugitu zituen. Izan ere, arriskuan nengoela ikusten zuen, eta arduratuta zegoen. Bazekien eta bagenekien ni han bizitzea zaila izango zela. Aita gizon batekin hizketan aritu zen, hark lagunduko zigula esan baitzigun. Ez genekiena zen gizon hura mafia bateko kidea zela. Negozioa egiten du jendea alde batetik bestera mugitzeko, eta beste guztiak berdin dio. Marokora iritsi ostean, gizon hark esan zidan gerora ere lagunduko zidala, baina ez zen halakorik gertatu. Kamioi batean sartu ninduten, eta orduz geroztik, ez nuen haren berri izan. Itsasoa zeharkatzeko 6.000 euro ordaindu nituen, eta zenbait pertsonak gehiago ere ordaintzen du".

Itsaso zabala zeharkatu ostean, Espainian leku bat bilatzea zail egin zitzaion Diallori: "Barbate, Algeciras, Cadiz (Andaluzia, Espainia)... pasatu nituen, baina ez zegoen leku  haietan gelditzeko modurik. Cadizko Gurutze Gorriko kideek esan zidaten errefuxiatu ugari zegoela Andaluzian, eta beste nonbaiten bilatu beharko nuela bizitzeko lekua. Andaluziatik Bartzelonara mugitu nintzen. Han ere oso konplitatua zen egoera, eta beste tokiren batera joatea proposatu zidaten. Bartzelona atzean utzi eta Albacetera (Gaztela-Mantxa, Espainia) lekualdatu nintzen. Bi aste egin nituen bertan. Handik Madrilerako bidea hartu nuen, eta ondoren iritsi nintzen Bilbora. Espainian egoera zail zegoela ikusita, Frantziara joatea zen nire asmoa, baina behin Irunera iritsi nintzenean gauzak aldatu egin zitzaizkidan; izan ere, Irungo Harrera Sarea ezagutu nuen. Bertako kideek Euskal Herrian gelditzeko ilusioa piztu zidaten. Hasieratik lagundu ninduten, eta lagun ugari egin nituen han".

Beste arrazoi batek ekarri zuen Barry Euskal Herrira. Hark azaldu duenez, etnia arteko gatazka "izugarria" da haren lurraldean: "Ekonomia eta gizarte krisiaz harago, etnozentrismoa dago Ginean; handia da etnien arteko gatazka. Ni gobernuan dagoen presidentearen etnia ezberdinekoa naiz. Agintean daudenak gure etniaren kontra daude, eta horrek min asko eragin dio gure etniako jendeari; horrenbestez, baita niri ere. Hori dela-eta irten nintzen Gineatik. Aurrena, Senegalera joan nintzen, eta Mauritaniara gero. Handik Marokora. Espainiara iritsi aurretik zortzi hilabete egin nituen Marokon, eta egonaldiko oroitzapenak ez dira batere gozoak. Oso gogorra izan zen egonaldia, eta imajinatu daitezkeen egoera gogorrenetako batzuk ezagutu nituen han. Dena den, azkenean lortu nuen itsasoa zeharkatzea, eta horrekin gelditzen naiz". Barryk uste du "zorionekoa" izan zela: "Izugarrizko zortea izan nuela pentsatzen dut, ezin baita ahaztu jendetza hiltzen dela egunero Europara iristeko zeharkaldian".

Bere kide Diallok bezala, Barryk ere "diru dezente" ordaindu behar izan zuen itsasontziz Europara iristeko. Hark uste du, zorte kontuaz harago, mafiek ere erabakimen handia dutela beraien etorkizunaren gainean. "Pertsonez probesten diren pertsonak daude itsasertzean. Dirutza kentzen digute itsasoa zeharkatuko dugula esanez, nahiz eta hori ez duten bermatzen. Nahi dutena egiten dute. Ordaindu ditzakezu mila euro, bi mila edo bost mila. Edo eduki dezakezu nahi beste diru, baina hala ere, ezin itsasoa zeharkatu. Nik 2.000 euro ordaindu nituen Espainiara joateko", dio. Behin Iberiar Penintsulara iritsita, Algecirasen egin zuen aurreneko geldialdia, eta han espetxera sartu zutela gogoratzen du: "Egun batzuk egin nituen espetxean eta identifikatu egin ninduten. Cadizko Gurutze Gorriak hartu ninduen ondoren. Haiek lagundu zidaten, baina bertan ezin nuela geratu esan zidaten. Izan ere, Cadiz ere harrera hiria da, eta jende ugari iristen da bertara. Hori dela eta, etortzeko dauden errefuxiatuei lekua uzteko guk beste toki bat aukeratu behar dugula esan ziguten. Gogorra izan zen hori entzutea, nire asmoa Espainian gelditzea baitzen. Almeriara mugitzea proposatu zidaten, eta horrela egin nuen. Han, egun ugari egin nituen kalean, bakarrik eta ezer gabe. Egun haiek oso gogorrak izan zirela gogoratzen dut. Espainian topatu nuen egoera gordina zela ikusita, aukera bezala hartu nuen Frantziara mugitzea; izan ere, pentsatu nuen Espainia osoko egoera berdina izango zela. Almeriatik Madrilera joan nintzen, eta gero Bilbora eta Irunera. Baionara joateko autobusa hartu nuen Hendaian, eta hara iritsitakoan Frantziako poliziak atxilotu ninduen. Denbora gutxi egon nintzen giltzapean, Irunera eraman baininduten berriro. Irunen Gurutze Gorrian lan egiten zuen andre bat ezagutu nuen. Hark aterpea eskaini zidan, jatekoa... Azaldu zidan bazela errefuxiatuei laguntzen zieten leku bat, eta hara joan nintzen, Lakaxita gaztetxera. Han ezagutu nuen Irungo Harrera Sarea". Lakaxitan egindako egonaldiak indar berriak eman zizkion Barriry: "Harrera Sareko kideak ezagutu ostean, Euskal Herrian gelditzeko hautua egin nuen".

Diassyren istorioa ezberdina da, baina beste bienak bezain gordina. Familian jazotako gertaera batek eta haren ondorioek alde egitera behartu zuten. Haren aita ehiztaria zen,  eta egun batean, ohi bezala, basora joan ziren laguna eta biak. Diassyren aitak, animalia zelakoan, "istripuz" tiro egin zion bere lagunari. Jazoera hura oso gaizki hartu zuten hildakoaren familiakoek, eta mendekuarekin mehatxatu zuten Diassy nahiz haren familia osoa. Gazteak, egoera hartaz jabetuta eta beldurrak jota, ihes egiteko hautua egin zuen. Diassyk orain pisukide dituen beste bi kideen antzeko bidaia egin zuen Euskal Herrira iristeko, eta leku ugaritatik igaro zen Irunera iritsi aurretik: Algeciras, Cadiz, Bartzelona eta Bilbo.

Arrazoi ezberdinengatik izan bazen ere, hirurek ihes egiteko hautua egin zuten, eta Euskal Herrian ezagutu zuten elkar.

Harrera Sareak elkartuta

Itsasoa zeharkatu eta Espainian zehar babes bila ibili ostean, Irungo Lakaxita gaztetxean egin zuten topo hirurek. Iaz sortu zen Irungo Harrera Sarea, eta 1.487 migratzaile artatu ditu orduz geroztik, baita horietako askori aterpea eskaini ere. Gaur egun Azpeitiko Sakona etxaldean bizi diren hiru lagunak Lakaxitan izan ziren denbora batez, eta han hasi ziren Euskal Herriarekiko gertutasuna sentitzen. "Lakaxitan geundela izan genuen Aioraren eta Ioritzen berri. Harrera Sareko kideek esan ziguten asiloa lortzea zaila izango bazen ere, bazegoela bizilekua bilatzeko aukera Euskal Herrian", kontatu du Barryk.

Aurreneko hilabeteetan sentimendu anabasa ikaragarria izan zutela aitortu dute hirurek, "sentimendu gazi-gozoak" zituztela. Dena den, egoerara egokitzen jakin dutela diote: "Iritsi ginenean dena zen ezberdina: kultura, ordutegiak, jatekoa, eguraldia, hizkuntza, jendea... Beste herrialde batera joatea eta bertan bizitza berriro hastea gogorra da. Iritsi ginenean ez genekien gaztelaniaz hitz egiten, are gutxiago euskaraz; frantsesez soilik moldatzen ginen, eta Ioritzek eta Aiorak ez zekiten frantsesez. Orduan asko lagundu zigun Ioritzen aitak, Mitxelek; izan ere, hura moldatzen zen frantsesez, eta eskerrak! Bestela hor ibiltzen ginen, ahal genuen moduan hitz egiten, mimika eginez komunikatzen", kontatu du Dallik. "Mitxel oso pertsona garrantzitsua izan da", gaineratu du Diassyk. Nahiz eta hasieran komeriak izan, ez zitzaien horrenbeste kostatu gaztelaniaz ikastea: "Lakaxitan hasi ginen gaztelaniazko eta euskarazko aditzak ikasten, Harrera Sareko kideei esker. Ondoren, Irungo Helduen Eskola Publikora joaten hasi ginen, baina ez genuen ezer askorik ikasi; aditz gutxi batzuk eta. Nabarmentzekoa da Aiorarekin eta Ioritzekin ikasi dugula gehien; dena eskertu beharrean gaude".

Etxeberriaren hitzetan, gaur gaurkoz, gaztelania oso ondo menperatzen dute Diallok, Barryk eta Diassyk: "Komeni zaie gaztelaniaz eta euskaraz ikastea, harremanak egiteko batez ere. Hasieran ez zuten arreta askorik jartzen euskararengan, baina dagoeneko hasi dira galdetzen 'hau nola esaten da euskaraz?' eta horrelakoak". Hizkuntzak ikasi ez ezik, baserriko lanak ere ezagutu dituzte Sakonako bizilagun berriek. "Ioritzek eta Mitxelek asko erakutsi digute baserri kontuez. Aiorarekin ere asko ikasi dugu, baina Mitxelek dena daki eta denetarik erakutsi digu. Ardiekin ere ibili gara; dibertigarria da!", azaldu dute.

Ez dira geldirik egotekoak. Baratzean kuxkuxeatzen dute, hizkuntzak ikasten dituzte, meskitara joaten dira... baina jende berria ezagutu eta harreman gehiago egin nahi dituztela diote. "Meskitan eta Helduen Eskola Publikoan ezagutu dugun jendea ere kanpokoa da, Afrikakoak dira gehienak. Guk, ordea, gure adineko hemengo jendea ezagutu nahi dugu. Dena den, herrian zaila da jendearekin solastea eta lagun berriak egitea; izan ere, jendea itxia da. Ez dugu arazoa hizkuntzan dagoenik ikusten; gu saiatzen gara gurea ez den hizkuntzan komunikatzen, eta jendeak ere egin beharko luke saiakera gu hartzeko eta hizkuntza irakasleko. Modu horretan, etorkizunean euskaraz hitz egin ahal izango dugu elkarrekin", adierazi du Diassyk. Kirola egitea ere atsegin dute, eta gimnasiora joateko asmoa dute. "Agian han jende berria ezagutuko dugu".

Sakonan familia berria aurkitu dutela diote Diallok, Barryk eta Diassyk, baina hango familiarekin ere ia egunero hitz egiten dutela esan dute. "Orain familia ugari ditugu, etxean utzi genituenak, Harrera Sarekoa eta Sakonakoa. Agian, egunen batean, Afrikara joango gara oporretan", diote barrez.

Hangoak, etxeko

Etxeberriari eta Igarataundiri bizitza aldatu zaie Afrikako hiru lagunak Sakonara iritsi zirenetik: "Basherri saretik jaso genuen mezu batekin hasi zen dena. Irungo Harrera Sareraren mezu bat jaso genuen, Irunen zeuden zenbait migranteren berri emanez. Haiek etxean hartzeaz hitz egiten hasi ginen orduan Ioritz eta biok. Bagenekien abentura izugarria izango zela, baina arriskatu egin ginen. Baiezkoa eman genienetik etorri zirenera arte, hiru edo lau hilabete igaro ziren. Hiru lagunak ezagutzen ziren Sakonara iritsi zirenerako, baina guk ez genekien ezer haiei buruz. Dena zen berria guztiontzat, eta hasierako asteak oso gogorrak izan ziren bai guretzat, bai beraientzat". Etxeberriak eta Igarataundik beraien etxeko ateak ireki dizkiete hiru afrikarrei, baina hori ez ezik, bizitza berria eraikitzen ere lagundu diete: "Pasatu dituztenak pasatuta, zaila izan da beraientzat hemen hutsetik hastea. Guk ez genituen ezagutzen, baina  bakoitzak bere motxila zeraman soinean. Gu saiatu gara beraiei egunerokoa errazten, baina ez da erraza izan; izan ere, gure errutinarekin jarraitu behar genuen, ordurako alaba txikia jaiota zegoen eta lan askorekin genbiltzan. Dena den, saiatu gara ahalik eta erosoen senti daitezen egiten gauzak. Ioritzen kuadrillarekin irteten dira zenbaitetan afaltzera edo, eta gustura egoten dira. Hala ere, egia da kalera jaistea kostatu egiten zaiela, eta gure ustez, hizkuntzak asko eragiten die horretan". Euskararen inguruan ere mintzatu dira Sakonakoak: "Uste dugu euskara ikasten dutenean gehiago irtengo direla kalera, jendeak ere beste modu batera hartuko dituelako. Hau ez da Irun, eta hemen gure artean erderaz hitz egiteak lotsa ematen digu. Euskaraz irakasten ahalegindu gara, eta badirudi ez dutela baztertu ikasten jarraitzeko aukera. Hori pozgarria da guretzat".

Abenturak abentura, esperientzia "oso aberasgarria" izaten ari dela azpimarratu dute Igarataundik eta Etxeberriak. "Pixkanaka, ari dira herrira egiten. Jada eman dute Lanbiden izena, baita Osakidetzan ere". Aurrera begia zer gertatuko den pentsatzen jarrita, ez dute erantzunik. "Guk nahiko genuke hirurak gurekin geratzea betirako, baina zaila ikusten dugu, gazteak baitira eta beren txoriak baitituzte buruan. Izugarrizko bizipoza ekarri dute etxera, eta beraiek daudenean, beti dago barre algararen bat".

Ezin jakin txoriek alde egingo duten edo ez, baina ezin haiei hegoak ebaki. Horregatik, bizilagun berriek beti izango dituzte Sakonako ateak zabal-zabalik, eta maitasunez betetako familia berria abaro.